Bizirauten

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2017ko aza. 6a, 09:05

Argazkia: @Handiafilm

Jaien ondorengo astelehen arratsaldea. Hainbat lagunek zinemara joatea erabaki dugu. Durangoko Zugazan Handia pelikula eskaintzen ari dira eta, gaurkoa, egun berezia da. Bi aktore nagusiak, Eneko Sagardoy durangarra tartean, Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariekin bertaratu dira aurkezpena egitera. Ilara luzea dago sartzeko. Eseri gara eserlekuetan, etorri dira eguneko protagonistak eta behin baino gehiagotan aitortu digute harrituta daudela astelehen arratsalde batean aretoa lepo dagoelako.

Batek baino gehiagok pentsa lezake Altzoko Handiaren rola jokatzen duen aktorea durangarra izatea dela horretarako arrazoi nagusia. Eta hori ere izan daiteke. Edozein modutan ere, pozarren nago herriko zinema bakarra jendez gainezka ikusteagatik. Ba al dakizue zer den onena? Ez dela gertatu zaidan lehen aldia. Garai onak bizi ditu Zugazak, beti horrela izan ez bada ere. Durangarrak ez zaretenok ez duzue gure herriko zinema aretoen istorioa ezagutzen. Baina orain kontatzera noakizuena ezagun egingo zaizue. Leku askotan gertatu izan baita gauza bera. 

80ko hamarkadan jaio ginenok 4 zinema ezagutu genituen -Kurutziaga, Astarloa, Tabira eta Zugaza-, haietako hiru handik gutxira itxi baziren ere. Aurreko belaunaldien haurtzaro eta gaztaroa zinemari loturik dago. Aisialdi aukerarik hedatuena zen eta bata bestearen atzetik irensten zituzten pelikulak zinema aretoetan. Denborak eta ohitura aldaketek, baina, Zugazak bakarrik irautea ekarri zuten. Areto bakarrarekin geratzeaz gain filmak oso berandu iristen zitzaizkigun. Inguruko hirietan zabaldu berriak ziren multizinemetara eramaten gintuzten gurasoek sarri. Ez dut sekula ahaztuko, 10 urte neuzkanean, Bilbora joan behar izan genuela El Rey Leon ikustera, ez baikenekien noiz edukiko genuen aukera Durangon. 

Telebista, bideo eta interneten hedatzeak hiriguneetako zine areto tradizional ugariren itxiera eragin dute merkatalguneetako multizinemak irekiak izan diren bitartean. Filmak ikusteko modua ere aldatu da: utzi diogu hainbeste denok elkarrekin ikusteari eta bakardean gozatzen ditugu sarri, etxean. Neure bizitzari hertsiki loturiko zinemak ez daude jadanik. Gasteizko Guridiak edo Deustuko Renoirrak kasu. Min ematen du. Modernitateak, globalizazioak eta negozioek askoren haurtzaro eta gaztaroko paisaia emozionalaren zati baten ia erabateko desagertzea ekarri dute. 

Horregatik da hain garrantzitsua Zugazak bizirautea. Eta ez edozelan. Duela urte batzuk jabetza aldatu, bi areto berri eraiki eta eskaintza berriztu zuten: estreinuko filmeak, opera emanaldiak, zine kluba, pelikulen aurkezpena edota dokumentalak. Zinemara joatea aukera bilakatu zaigu berriro bai durangarroi eta baita ingurukoei ere. Une bereziak eskaini dizkigu gainera; hala hasieran aipaturikoa, nola iazko Bosco. El jardin de los sueños dokumentalaren aurkezpena. Batean Eneko Sagardoy aktorea eta bigarrenean, Miguel Zugaza ordungo Pradoko zuzendari eta erakusketa haren antolatzailea. Herriko “artistek” herriko kulturari bere presentziarekin laguntzea harro egoteko modukoa da. 

Dena erabili eta botatzekoa dela sinestarazi nahi diguten garai hauetan garaipen sinboliko baina funtsezkoa da herrietako zinema aretoek bizirautea. Joan gaitezen lagunekin, pelikulak ikusi eta elkarrekin partekatzera. Bete ditzagun bada!