Afaldu ostean eta edan bitartean, semea eskolara hastekoa zela azaldu zuen, eta D ereduan matrikulatuko zutela. Eta berak ere euskara ikasiko zuela lagundu ahal izateko. Zuri irribarrea atera zitzaizun, euskarak garrantzia duela entzutea ez delako ohikoena. Are gutxiago inguru ez euskaldunean bizi den erdaldun baten ahotik. Baina tupustean: “Dena dela, ez dut ulertzen zertarako ikasi behar duen euskaraz. Zertarako balio du horrek?”. Aurpegia ere aldatu zitzaizun. Edalontziari gogor heldu eta edan bitartean zure baitarako: “Orain ingelesa aipatuko dit. Bat, bi, hiru…”. “Que estudien inglés, que eso si que te vale de algo en la vida”.
Arnasa sakon hartu zenuen. Barrenei kasu egitea ez da gomendagarriena. Ahal zenuen erarik lasaienean azaldu zenion euskara beste hizkuntzak bezain garrantzitsua dela. Gaineratu zenuen bertako hizkuntza dela eta, beraz, gaztelerak besteko tratua merezi duela. Horrez gain, esan zenuen hizkuntza berri bat ikasteak ez dizula inondik inora ere kalterik egiten. “El saber no ocupa lugar”, hain zuzen ere. Hori gutxi ez balitz, bigarren hizkuntza jakiteak hirugarrena ikastea errazten duela.
Bere hortan segitzen zuen. “Oso ondo. Baina semea asturiarra da, eta ez da normala euskaraz ikasi beharra etxeko hizkuntza gaztelera denean. Gurasoak ere behartuta sentitzen dira”. Azken horri helduta, eta nabarmena zen tentsioa gutxitzeko, esan zenuen Asturiasera bizitzera joango bazina normala irudituko litzaizukeela semeak asturieraz ikastea, eta zuk ere ikasiko zenukeela aberasgarria delako. Sutzen hasia zen, baina oraindik lasai samar esan zuen Asturiasen gutxi batzuk hitz egiten duten hori ez dela hizkuntza, dialektoa baizik. Euskara irakasteari ondo deritzola, baina horrek ez daukala balio handirik, oso jende gutxik hitz egiten duelako. Ingelesa, gaztelania bezala, dela beharrezkoa, munduan milioika lagunek darabiltelako eta lanerako, bidaiatzeko etab. baliagarria delako. Eta, barkatu, baina zure ikuspuntua, “un poco de paletos” zela.
Boom! Orduan eztanda egin eta barrenak buruari gailendu zitzaizkion. Argi utzi zenuen, zuk, “paleto” horrek, bost hizkuntza zenekizkiela. Euskara zure ama-hizkuntza dela eta kontuz ibiltzeko, ez zenuela horrelako mespretxurik onartuko. Eta eztabaidarekin bukatzeko pare bat gauza gehitu zenituen: bat, asturiarra hizkuntza dela eta bi, ez zeukala inolako beharrik Gasteizen bizitzeko; beti zeukala Oviedora itzultzeko aukera.
Azkeneko esaldi horri gehiegi gustatzen ez zitzaizun kutsua topatu zenion. Norbaiti bere herrira itzul dadila esaten entzun zenuen zure burua, eta harrituta zeunden. Beti defendatu izan duzu zure herria herritarrek osatzen dutela, datozen lekutik datozela. Inoiz ez dituzu besteen hizkuntza ohiturak ezbaian jarri, askatasunean sinetsi izan duzu, hori irakatsi dizutelako. Euskaldun berrien seme zaren horrek, euskara zein gaztelania ama-hizkuntza dituzun horrek, ez duzu inoiz inposiziotan sinetsi, inposaturiko edozerk ez duelako inor inoiz konbentzituko.
Baina hain zuzen horregatik bota zenuen harritu zintuen esaldi hura. Besteen ohitura eta iritziak errespetatzea norberarenak errespetatzearen truke izan behar du, ezta?. Euskara zein gaztelania zure nortasunaren zati garrantzitsua dira, eta horiekiko errespeturik ez izatea zurekiko errespetu falta da era berean.
Zure hizkuntza, herria, jatorria, kultura, ohiturak edota jakiak ez dira besteak baino gehiago. Baina ezta gutxiago ere. Hizkuntzak batzuei balio handiagoa ematen diotenek eliteen eta ahaltsuen diskurtsoa darabilte eta nekazari eta herri xehea mespretxatzen. Zenbakaitza dena ezin daitekeelako neurtu. Hiztun kopuruak ez duelako hizkuntza baten garrantzia adierazten. Hizkuntza batzuk besteak baino indartsuago badira ez da hobeak direlako, ejerzitoak eta agintariak atzean izan dituztelako, baizik.
Jaiotzez elebidun zaren horrek ez diozu inori onartuko zein hizkuntza erabili behar duzun esatea, ezta honen inguruko leziorik ere.
Argazkia: zuzeu.eus