Bilbaoland

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2018ko ots. 15a, 11:45

Argazkia: Angel

Larunbata. Ingeniaritza zubipean bizi den Joseba buelta bat ematera atera da bere gauzak bertan utzita. Aurreko egun osoa eman zuen garbiketakoak noiz etorriko zain, etxetik mugitu gabe, baina agertu ez zirenez, gaurkoan ez du zain egoterik nahi. Itzuli da eta hutsa besterik ez du aurkitu. Udaleko garbitzaileek dena kendu diote: koltxoia, mantak, auzoko batek emandako zapatila pare berria, kanpin gasa... Ezer gabe utzi dute. Orduan etorri zaio burura udaltzainak aurretik esandako esaldia: “Bilbora datozenak ikusten duten lehena ezin da eskale bat izan”. Esaldi bakarrean 'Bilbao efektua' laburbildurik.

Aurtengoa da Bizkaiko hiriburuaren urtea. 1993an Thomas Krensek Guggenheim irudikatu zuenetik abian den prozesuaren eztanda, hain zuzen ere. Europako Hiririk Onena 2018, MTV Europe Sarien banaketa, errugbiko finalak San Mamesen... Mundua Bilbori begira egongo da. Milaka turista etorriko omen dira. Aurreikuspenen arabera, Airbnb plataformak %234ko hazkundea izango du bertan eta, gainera, 2017an gehien hazi diren helmuga turistikoen sailkapenean kokatu du Bilbo. Politikari, enpresari eta hedabideak pozik. Hau guzti hau poztasunez kontatzen digute. Denok, Bilboko 345.000 biztanleok eta gainontzeko bizkaitarrok pozarren egon behar dugu: lanpostuak sortuko dira, negozioetarako aukerak, enpresa berriak, tabernak, dendak… Bide batez, ezazue ahaztu Loiuko aireportuaren bidaiari kopuruak gora egingo duela, eta zer hori baino berri hoberik?

Ironiak alde batera utzita, azter dezagun fenomenoa bere osotasunean. Hasteko eta behin gertakari hauen alde ona besterik ez da saltzen. Hori bakarrik susmagarria da berez. Inoiz ez da alde kaltegarririk aipatu ere egiten. Jarraitzeko, ikus dezagun nortzuk diren pozten direnak. Oro har, EAJ, PP eta PSE; Confebask eta CEBEK; Kutxabank eta BBVA, EiTB, Vocento eta Diario de Noticias Taldeak… Proiektu handiak gustuko dituztenak. Dirua barra-barra mugitzen dutenak, goi mailako kontaktuak dituztenak, AHT bultzatu dutenak, eta Supersur, eta periferiako merkatal guneak etab.

Artikulu honek ez du 'Bilbao efektua'-ren demonizazio lana izateko helbururik. Argi dago horrek guztiak, sariek eta obra handiek, turismoak eta digitalizazioak, bere alde onak dituela. Baina hori entzuteaz nazkaturik dago bilbotar eta bizkaitar asko. 20 urte daramatzatelako matrakarekin. Turismoa ez da hain ona jaun andreok. Lan kontratu laburragoak, lan ordu luzeagoak eta soldata urriagoak dakartza. Airbnbk badu bere alde txarra. Etxebizitzen erabateko garestitzea eta tokian tokiko biztanleriaren kaleratzea suposatzen du. Aireportuaren bidaiari kopuruaren hazkundeak ez du zertan berri pozgarria izan behar. Hegazkinek beste edozein ibilgailuk baino askoz gehiago kutsatzen dute. Karbono aztarna zazpi aldiz handiago da hegaz trenez baino, esaterako.

Horrez gain, Bilboren eraldaketak badu bere kutsu tristea. Ederra da orain, edonork ikustekoa, sare sozialetan like asko izango dituen argazkiak atera daitezke edonon. Hala ere, bere xarma galdu du. Hiri industrial zikinaren arima ez da ia inon aurkitzen. Globalizazio neoliberalak homogeneizazioa dakar berarekin, baita Bilbon ere. Zazpi Kaleetatik pasiada bat eta Europako edozein hiritan aurki daitezkeen negozio eta frankizia berak ikus daitezke. Sharon Zukinek aipaturiko hiriaren (eta gizartearen) 'disneyfikazioa' da orain daukaguna. Ez lekuez beteriko hiria. Historiarekin eta bertako gizartearekin loturarik ez duten eraikin, eta espazioz josia.

Honek guztiak hasierara garamatza. Eskale bati bere gauzak kenduko dizkiote, turistek ikus ez dezaten. Periferiara bultzatuko dute, ezkutatuko dute. Baina eskalea ez da desagertuko. Ezta prostitutak ere. Ezta yonkiak, txiroak, gaixoak, langabetuak, marikoiak, etorkinak… Bilbo ez da parke tematiko bat. Bilbo bilbotarrek eta bizkaitarrek mantentzen dute bizirik. Zuentzako Bilbaoland!

 

Argazkia: Angel