Gurasoei

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2018ko mar. 14a, 15:04

Argazkia: @ELAhezkuntza

Guraso agurgarriak: 2017-18 ikasturteko greba eta mobilizazioen harira pare bat kontu. Ez dugu nahi. Ez da gure asmoa zuen seme-alabak eskolarik gabe uztea eta zuoi buruhausterik sortzea. Nahiago genuke lanera normaltasunez joan eta soldata osorik jaso. Greba egitera bultzatu gaituzte, ordea.

Kontziente gara zuek baino ordu gutxiago ematen ditugula lanpostuetan eta soldata ona jasotzen dugula. Badakigu. Errealitatea ezagutzen dugulako. Maiz gogorarazten digutelako. Ez dugu horregatik greba egiten. Zergatik egiten ote dugu ba? Puntu honetan bi aukera dituzue: aurreiritziei jarraitzea bata; gu entzutea bestea. 

Lehenengoa aukeratuz gero, alfer kuadrilla gara. Edozergatik kexatu eta ditugun pribilegioak mantentzeko erabaki dugu planto egitea. Nahiago dugu familiak izorratu eta ikasleen etorkizuna zein ikasteko aukera zapuztu. Bide horretan administrazioa eta hedabide batzuk izango dituzue lagun. Ohi den moduan, ekonomiari eta gizarteari sortzen zaizkion kalteak nabarmentzen baitituzte, biztanleriaren gehiena grebaren aurka jar dadin. Ez zaie batere interesatzen gelditzeko arrazoiak zeintzuk diren jakitea, ez dadin haien erantzukizuna agerian geratu. 

Bigarrena nahiago baduzue, hona hemen egoeraren beste bertsioa. Hala ere, gure lana pagotxa dela uste dutenontzako pare bat gauza gaiari heldu aurretik: soldata ona da, baina azken hamarkadetan gure erosahalmena nabarmen jaitsi da. Ordutegiaz kexu ez garen arren, lana ez da gela barrura mugatzen. Klaseak, azterketak eta lanak prestatu, eman eta zuzendu, zuekin telefonoz hitz egin eta bildu. Klaustroak, zaintzak, mintegi bilerak, orientazio bilerak, formakuntza saioak. Programazioak eta memoriak. Hauek aztertu eta ebaluatu. Ikasleen jarrera, lan gaitasunak eta azterketak ebaluatu eta informeak bete. Irteerak, ikasketa bidaiak… Baina hori guztia lanaren parte da. Ez da hori grebarako arrazoia. 

Arrazoi nagusia da baliabide gehiago behar ditugula gero eta konplexuagoa den errealitateari aurre egiteko. Aniztasuna inoiz baino handiagoa baita. Gaitasun urriko eta handiko ikasleak, arreta galerak, hiperaktibitatea, dislexia, dislalia edota diskalkulia kasu mordoa diagnostikatzen dira. Ba lan karga handitzearekin bat baliabideen gutxitzea izan dugu. Honez gain, etorkinei euskara irakatsi behar diegu. Hori guztia gutxi balitz, arazo emozionalak eta bullying kasuei aurre egin… Baliabideen artean, espezialista gehiagoren beharra dugu. Baita baja medikua hartzen duten irakasleen lanpostuak ahalik eta arinen ordezkatzea, zuen seme-alabak behar den moduan zainduak eta irakatsiak izan daitezen, batez ere. Ordenagailu eta bestelako baliabide digitaletan inbertituriko milioiak benetako beharrizanetara bideratzea nahi dugu. Itxurakeriak albo batera utziz. 

Honi guztiari loturik, LOMCE eta Heziberri 2020 bertan behera uztea. Ikas komunitateen iritzia kontuan izan gabe sortu eta martxan jarri direlako. Zuen seme-alabak merkatu global kapitalistaren interesen arabera hezi nahi dituztelako. Ekonomia eta enpresagintza indartu direlako filosofia, arte plastikoak, musika edota humanitateak alboratzen dituzten bitartean. 

Beraz, barkatu egun hauetan ez badakizue seme-alabekin zer egin. Baina grebei kaosak ematen die zentzua, eta zuen ondorengoen etorkizuna da jokoan dagoena. Hortaz, esandakoa, zuen esku dago administrazio eta komunikazio talde handiek diotena bakarrik sinistea edo gure aldarrikapenak zuenak ere egitea. 

Adeitasunez,

 

Euskal Eskola Publikoko irakasle bat