Entzun

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2018ko api. 23a, 09:32

Erantzuidazu, arren. Inoiz zure azalaren kolorea dela eta baztertua izan zara? Gizon izateagatik zure iritzia gutxietsia izan al da? Gogoratzen duzu gurasoei heterosexuala zarela aitortu zenien eguna? Zenbatetan egin dizute barre argala eta gaztea zarelako? Zenbatek begiratu dizu nazka aurpegiarekin bizitzeko diru nahikoa duzulako? 

Gizona bazara ez esan emakume bati ez duela diskriminaziorik pairatzen. Heterosexuala zara? Ba ez iezaiozu homosexualari esan ez daukala harrotasunaren aldarrikapenerako eta kexarako arrazoirik. Gauza bera aberatsak pobreari, osasuntsuak gaixoari, argalak lodiari, gazteak zaharrari eta bertakoak kanpotarrari. 

Martxoaren 8a iristen denean lagunen artean eta sare sozialetan galdetzen duzu ea zergatik ez dagoen gizonentzako egunik. Benetan ez duzula ulertzen? Ez dakizu zelako zortea den zuretzako nazioarteko egunik ez izatea. Horrek esan nahi du gainontzeko 364 egunak zureak direla. Galdeiezu zure inguruko emakumeei ea nahiago luketen eurentzako egunik ez izatea. Zer uste duzu erantzungo lizuketela? Benetan uste duzu nahiago dutela gizonek eurek jazartzea, bortxatzea edo hiltzea? Ezin dut sinistu hori pentsatzen duzunik. 

Bi hilabete barru ekainaren 28a iritsiko da. Egun horretan lesbiana, gay, transexual eta enparauek euren izaera aldarrikatuko dute. Harro agertuko dira. Zuk, berriro ere, ozen esango duzu: Ba, ni ez nago heterosexuala izateaz harro, horrek ez dauka zentzurik. Oheratu daitezela nahi dutenarekin, baina ez dezatela horrela adierazi. Benetan? Nerabea zinenean zenbatek iraindu eta jipoitu zintuen marikoia izateagatik? Zenbat herrialdetan urkatzen dituzte heterosexualak? Egunero, gurean, heterofobiarik somatzen duzu ba? 

Hasieran aipaturiko beste ereduekin jarraitu nezakeen baina uste dut dagoeneko hartu diozula zentzua esan nahi dizudanari. Erregea izatera ohitua zaude. Eroso bizi zara. Hain idiliko deritzozun gizartean, baina, badaude kexatzen direnak. Egoera horretan bi aukera dituzu. Esaten dutena entzun ala samindu. Bigarren bidea hartu duzu. Haserretu egiten zara eta zure azpitik daudenak mesprezatu. Biktimaren rola jokatzen duzu. 364 egunetan erregea denak ezin du behingoz bigarren plano batean egon. Gaixoa! 

Hurrengoan, burutik pasatzen zaizun lehendabizikoa esan aurretik, gelditu, pentsatu eta jar zaitez besteen azalean. Enpatia esaten zaio horri. Ez da hain zaila. Zure esku dago, benetan. Inoiz ez da beranduegi aldatzeko.