War is peace

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2018ko mai. 23a, 09:25

War is peace. Freedom is slavery. Ignorance is strenght. Orwellen 1984 irakurri duenak ondo ezagutuko du Anai Handiak hizkuntzari ematen dion garrantzia. Berak badaki sarri errepikaturiko gezurrak egi bihurtu eta inkontziente kolektiboan txertatzen direla.

Azkeneko asteetan, beste berri eta gertakarien artean, badira nabarmendu nahiko nituzkeen bi. Hedabideetan luze eta zabal aritu dira horiei buruz: Bilboko Errugbi Finalak eta Itsasadar azpiko tunelaren proiektua. Printzipioz ez dirudi ez haien artean ezta testuaren sarrerarekin loturarik dutenik. Hala ere, joan gaitezen pausuz pausu.

 

Alde batetik Europako Errugbi Txapelketa nagusien finalak jokatu ziren San Mamesen. Milaka zaletu bertaratu ziren hotelak, tabernak eta dendak betez. Argi dago Bilbo eta inguruko herri eta hirietako tabernari eta hotelen jabeak pozarren egongo direla. Eskaintza eta eskariaren legeari jarraituz, gainera, inoiz baino garestiago saldu ahal izan dituzte logela eta produktuok.

 

Aste horretan bertan Bizkaiko Aldundiak errepide sarea berritzeko proiektu erraldoia aurkeztu zigun bizkaitarroi: Errontegiko Zubiak jasaten duen auto ilara zein istripuri irtenbidea emateko Leioako Artaza eta Portugaleteko Ballonti elkartuko dituen erreka azpiko tunela, hain zuzen ere. Horrekin batera, Supersurraren hedapena ere egiteko asmoa erakutsi zuten.

 

Hurrengo egunetan irrati zein egunkarietan agintari eta politikariei egindako elkarrizketak entzun eta irakurri ahal izan ditugu. Kasu bietan, errugbia edo tunela, balorazioa egiterako orduan garapena hitza erabili dute. ”Finalak Bilbon jokatzea garapena da” edo “Tunelaren proiektuak argi erakusten du garapenaren aldeko apustua garbia dela” . Egia esan edozein proiektu erraldoiren inguruan mantra balitz bezala darabilten berba da hori.

 

Ba horren aurrean nire buruari zenbait galdera egiten dizkiot. Besteak beste, garapena zer den edo zergatik behar duen ona izan.  Ikuspuntu kapitalistatik ulertzen dut garapena zer den, baina banago garai horiek atzean beharko luketela. Kuantitatibotik kualitatiborako saltoa egiteko ordua igaro dela.

 

Garapenari aspaldi ezarri zitzaion jasangarri abizena erakargarriago egiteko, nahiz eta oximoron kutsua baduen. Hotelek, tabernek edo eraikuntza enpresen irabaziek ez dutela gizartearen garapen orokorra ekartzen. Ehundaka adibide daude hori erakusten dutenak. Zenbat diru publiko xahutu dugu nazioarteko ekitaldiak ekartzeko ba? Niri, bizkaitar naizen honi, zertan egiten dio on Errugbi Finalak bertan jokatzeak? Zergatik da hobea tunel bat eraikitzeko ehundaka miloi euro inbertitzea garraio publiko sarea sendotzea baino? Zergatik bultzatu da hirigintza hedakorra azken urteotan? Honelako proiektuek ez dute kutsadura maila handitzen?

 

Bukatzeko, ezin dezaket ulertu zergatik ez dugun aurrera egiten daukagunarekin eta dirua beste beharrei eskaini. Hori bai izango litzatekeela bizkaitarron garapena. Ez bizkaitar batzuena, askorena baizik. Nahikoa da etengabe hasi beharraren mantrarekin. Has gaitezen deshazten, birbanatzen, partekatzen. Ezkerreko alderdi politikoek ez lukete desarrollismo light berderik bultzatu behar. Alternatiba eraginkorrak aurkezteko garaia dute, botereari aurre eginez.

Zergatik ez ditugu kontzeptu eta berba batzuk gure hiztegitik baztertzen? Egin ditzagun galderak ere, nahi ez dutena erantzun behar izan arte. Ez gaitezen 1984 berri batean gehiago bizi. War is not peace.