Egokitu zitzaizun gelako hainbat neska-mutilekin harremana nahiko arin egin zenuen. Eurak hurbildu ziren zugana jakin-minak bultzaturik. Hasieran oso ondo hartu zintuzten eta irteteko gonbitea egin zizuten.
Pixkanaka deseroso sentitzen hasi zinen, baina. Taldean liderra zegoela berehala ikusi zenuen: berak esandakoa betetzen zuten besteek. Hark portura joatea nahi bazuen, portu aldera joan beharra zeneukaten denok. Hasieran, gogoz kontra, zu ere joaten zinen. Baina behin beste ideia bat proposatzea bururatu zitzaizun. Ez zeneukan hondartzara hurbiltzeko gogorik; nahiago zenuen parkean geratu. Liderraren begiradak bihotza ere hoztu zizun. Beste guztiek, batek izan ezik, hondartzara alde egin zuten. Ardi beltza artalde txurian zu.
Hurrengo astean azterketa zuzenduak banatu zizkizuen irakasleak. 9.25 atera zenuen. Lagunei esana zenien ez zinela azterketatik pozik atera. Inoiz ez duzu zure buruarengan konfiantza handirik izan. Liderrak, zure emaitza berea baino hobea zela ikustean, ederrak esan zizkizun. Gezurtia zinela, irakasleak begiko zintuela, beti pena ematen saiatzen zarela… Ardiek ez zuten ezer esan. Baina hura izan zen ondoren etorriko zen infernuaren hasiera.
Ikasturteak aurrera egin ahala lagunik gabe geratu zinen. Ez zuten zurekin geratu nahi. Aurreko ikastetxean jazartu zintuztenekin elkartu eta kalean hasi zitzaizkizun barre egiten.. Eta zuk negar besterik ez zenuen egiten. Gelan ez, ez zenielako ahultasunik erakutsi nahi, baina etxean bai, maiz, isilpean . Zure buruari galdetzen hasi zinen ea arazoa zurea izan zitekeen. Depresio larri batek hartu zintuen.
Urtebete igaro da. Negar gutxiago egiten duzu orain jasotako laguntzak indartu zaituelako. Hala ere, ez zaude pozik. Nola egongo zara ba pasa duzun guztiaren ondoren? Amorruak hartzen zaitu ezustean. Orain behintzat ez dizu inork irainik botatzen. Jazarpen agerikorik ez dago. Baina, horrekin konformatu beharra tristea da, ezta?
Badakit orain esango dizudanak ez zaituela baretuko, baina saiatuko naiz. Lasai egon. Nik, zure irakasle naizen honek, egoera bera jasan nuen. Ni ere bullyingaren biktima izan nintzen. Gutxik daki horrek uzten dituen zauriak. Osatuak diruditen arren denborarekin berriro irekitzen direnak. Baina badago esperantzarik. Nagusitu ahala lagunak egingo dituzu, asko ala gutxi, baina benetakoak. Urteak pasata konturatuko zara zurekin parkean gelditu zen hura, orain interesgarriegia ez dirudien arren, merezi duen pertsona dela. Eta baita, nola orain hain lagunak direnak elkarrengandik urrunduko direla. Haien arteko harremana toxikoa dela guztiz, bakoitza bere ahultasunaren gatibu dela. Zurekin ordaindu dute, baina bizitzak, ziurrenik, bakoitza bere lekuan jarriko du.
Eutsi goiari. Ez zaude bakarrik. Behar duzunerako, negar egiteko edo haserrea askatzeko, ni eta beste asko alboan izango gaituzu.