Denbora agortzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2018ko aza. 15a, 13:02

Zer dela eta daude milaka lagun beren herrietatik ihes egiten? Nor da horren erantzule? Gure bizimodua posible litzateke hori gabe?

Azkeneko urteotan, errefuxiatuen afera dela eta, mendebaldean eztabaida eta tirabira latzak bizi ditugu ongi etorria egin nahi dietenen eta harresiak eraiki nahi dituztenen artean. Horren lekuko dira Europako eta Ameriketako hainbat estatutako hauteskundeetako emaitzak. Gero eta polarizatuago. Boteredunek badakite beldurra zabaltzea ezinbestekoa dela printzipioz onartuko ez liratekeen neurriak onartzeko. Trump, Orban, Salvini eta enparauek ondo baino hobeto ezagutzen dute, gainera, estereotipo eta ideia sinpleen indarra. Migratzaile eta errefuxiatuei beldurra izan behar diegula esan ohi digute eta izu hori ari da gurean zabaltzen. Gero eta gehiago dira Europan eta AEBtan kanpotarrak nahi ez dituztenak.

 

Baina ez al gara konturatzen eztabaidan haratago joateko ordua iritsi dela? Hau da, kontua ez dala bakarrik errefuxiatuak hartu ala ez. Asuntuak ez datza hainbeste euren egoerarekin amorrua eta sumina sentitzean, ez. Honekin ez dut esan nahi Ongi Etorri Errefuxiatuak bezalako egitasmoak beharrezkoak ez direnik. Noski baietz. Baina arazoaren muinera jo behar dugu. Zergatietara. Gurean hartu ala ez hartu, horrek lekarren arriskuan eta abarretan geratzen bagara soilik mundua gidatzen dutenek nahi duten lekuan gaituzte. Ez dugulako sistema bera kolokan jartzen. Eztabaida mugatua den bitartean aberasten jarraitzen dutelako eta errefuxiatu oldeak sortzen dituzten politikek bere hortan dirautelako.  

 

Inoiz pentsatu duzue zergatik dauden munduan hainbeste errefuxiatu politiko, klimatiko eta migratzaile ekonomiko? Zergatik ez duten milioika lagunek  bizirauteko adina baliabiderik? Ba, hori da, hain zuzen ere, egin beharreko galdera. Nork ateratzen dio etekina egoera horri? Erantzunak egun dugun gizartea birplanteatzea suposatzen du. Nondik lortzen ditugu egunero xahutzen ditugun baliabideak? Zerk sustengatzen du gure sistema hau? Gerrak?  Hedatzen doan pobreziak? Gureak ez diren lehengaien arpilatzeak?

 

Errefuxiatuen egoera ez da konponduko bakarrik ateak  zabalduta. Seguru nago, gainera, orain bertan bidean hotzez, gosez eta nekez hiltzen daudenek nahiago luketela euren herrietan jarraitu. Baina gehienek ezin dute. Euren herrialdeak mendebaldeak kontrolatzen dituelako. Europa eta AEBk sekulako interesa dute Sirian, Libian, Yemenen edo Afrikako edozein herrialdeetan gerra egotean. Mantentzean. Piztean. Horrela izan da betidanik. Eta horrela izaten jarraituko du.

 

Etengabe haztea ezinezkoa da finitoa den mundu honetan. Gure esku ez dauden baliabideak xahutzen jarraitzeak pobre gehiago suposatzen du. Errefuxiatuak. Hildakoak. Eta guri ere, berandu baino lehen, iritsiko zaigu ordua. Eztabaida beste lekura eramatea da, nire ustez, ezkerreko alderdien erronka. Eta berandu ari dira. Badakit horrelako mezuek ez diela epe laburrera hauteskundeak irabazten lagunduko. Baina hori egin ezean eskuinaren eta kapitalismoaren alde egiten ari dira, inkonszienteki bada ere. Betiko eztabaidan aurrera egin gabe jarraituz gero pozik egongo dira beti irabazten dutenak. Gure esku dago.