ADI

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2019ko urt. 16a, 17:01

Globalizazioa. Hori bai hitz arriskutsu eta demagogikoa. Guztiona ez da mundu osora zabaldu. Kultura yankeea, ordea, bai. Kapitalismoaren eskutik munduan hedatzen ari dena American Way of Life da. Eta zein da kultura horren lekuko nagusia? Ba ingelesa bera, nola ez. Okerrena da gure nortasunarentzako zein arriskutsua den ikusi ere ez dugula egiten. Hona hemen hainbat adibide.

Lehenengoa Eurovision. Lehiaketaren lehen hamarkadetan Europako estatuek bakoitzak bere hizkuntzetako baten abesten zuten. Horrela, Amsterdamen portugesez entzun zezaketen edota italieraz Manchesterren. Ez da inoiz goi mailako arte ekitaldia izan, baina, behintzat, Europan dauden hizkuntzetako batzuk ezagutzeko aukera eman zezakeen. Denborak aurrera egin ahala, ordea, nahiz eta lehiaketan herrialde gehiagok parte hartu, gero eta hizkuntza gutxiagok du lekua. Gehienek ingelesez egindako abestiak bidaltzen dituzte eta.

Bartzelonatik dator bigarren adibidea. Aurreko asteko osoko bilkuran PPko zinegotziak udal informazioa urduz, tagaloz eta arabieraz argitaratu izana leporatu dio udal gobernuari. Bikaina Ada Colauren erantzuna : “turistentzako informazioa ingeles hutsean kaleratzen dugunean ez duzue, ba, kexarik izan”. Zinegotzi horren arrazakeria eta aporofobia argi uzteaz gain, gure gizarteak ingelesa nola barneratu eta naturalizatu duen ere nabarmen geratu da. Tourist go home eta honen artean badago esparrurik. 

Hirugarren adibideak urte batzuk ditu. Barakaldon dagoen erakustazokari zein izen jarriko eta BEC. Bilbao Exhibition Centre. Bi hizkuntza ofizial dituen lurraldean ingelesa inposatu ziguten nazioartean entzutetsuak izateko aitzakiarekin. Hizkuntza gutxitua duen lurraldean, euskararen nazioarteko presentzia bermatu ordez inperioaren hizkuntzara jo zuten. Gaizki ulerturiko modernizazioaren izenean beste behin ere. Horrek munduaren homogeneizazioa dakar: Wisconsinen, Bilbon ala Kuala Lumpurren egon, denok berdin. Denok boteretsuen antzekoak izatea da helburua. 

Beste bat. Durango. Landako Erakustazokatik gertu, duela pare bat urte Kids&Us deritzon “akademia” ireki zuten. Bilbon ere badaude horrelakoak. Ez da ingelesa ikasteko akademia arrunta, ez. Ingelesa urtebetetik aurrerako haurrentzako eskaintzen baitute. URTEBETE. Eta gurasoek pozarren eramaten dituzte seme-alabak bertara. Haurrak bere ama hizkuntza oraindik garatu ez duenean. Are gehiago, irakurri izan dut badaudela seme alabei ingelesez hitz egiten dieten gurasoak. Esparru intimoa ere hartu du merkatu logikak.

Kontziente naiz, globalizaturiko mundu honetan, ingelesari aurre egitea ez dagoela oso onartua. Garapenari eta modernitateari bizkarra ematearekin lotzen dute askok berehala. Nahita edo nahi gabe. Ba, nik, adibidez, bost hizkuntza hitz egiten ditut, ingelesa barne, baina horrek ez du esan nahi nire ama hizkuntzei balio gutxiago ematen diedanik. Norberarena maitatzea eta ingelesa ikastea erraz uztartu daitezke. Benetan uste dut, gainera, inoiz baino gehiago gurea aldarrikatu behar dugula. Ama hizkuntzak norberaren identitatearen eraikuntzan ezinbestekoak direlako.  Ezberdin egiten gaituztelako. Ez hobeak. Baina bai bereziak. Beraz, munstroak denak irentsi aurretik aldarrikatu dezagun aniztasuna eta defenda dezagun gurea dena. Don´t you think?