Nahiz eta etxean ez dudan horrelako aparaturik, iragarkiak interesa piztu du nigan eta enpresaren webgunera jo dut informazio eske. Orrialdea ireki bezain pronto #ecofriendly hashtagarekin topo egin eta gakoa non dagoen ikusi dut . Enpresek merkatuan euren tokia bilatzeko orduan edozer erabiltzen dute, eta gaur egun, edozerfriendly izateak bezeroak irabazten laguntzen dizu. Azaleko itxurakeria da nagusi. Sakona, aldiz, arazoa.
Honekin ez dut esan nahi kapsulak eurak konpostagarriak ez direnik. Izango dira, seguru baietz. Baina ez litzateke ecofriendlyago izango kafea beste era baten kontsumitzea? Nespresso makinen aurreko garaian pozarren bizi ginen denok. Baina etorri zen merkatua eta behar berri bat sortu zigun. Esan zigun ez zegoela ezer hoberik etxean tabernan moduko kafea hartzea baino. Liraintasun eta esklusibotasunaren ideia buruan ondo iltzaturik jende askok uste du ezinezkoa zaiola hori gabe bizitzea. Merkatuak sortu du arazoa eta merkatuak berak ekarri digu ustezko konponbidea. Dirua irabaziz, nola ez. Ingurumena hondatzen segitzen duten bitartean.
Hausnartzen jarraituta, beste galdera bat. Ez litzateke are ecofriendlyago kaferik kontsumituko ez bagenu? Kafea eremu tropikaletako landarea da. Datuak begiratuta Brasil, Vietnam eta Kolonbia dira, hurrenez hurren, ekoizpen altuena duten herrialdeak. Denak gugandik urrun. Kontsumo maila altuenak, aldiz, eremu epel eta hotzetako herrialde garatuetan ematen dira. 2007an, adibidez, Finlandia izan zen biztanleko kontsumo altuena izan zuena. Eta kafe gehien inportatu zuena Estatu Batuak. Datuetara jo baino, nahikoa duzu kafea hartzen duzun hurrengoan zure buruari galdetzea: zer gertatu da eskuartean dudan kafe hau nigana heldu aurretik? Nondik dator edaten ari naizen hau? Zenbat kilometro egin ditu? Nola ekarri dute? Argi dago Hego Ameriketatik edo Asiatik zugana iritsi den kafea hegazkinez ekarri dutela, petroliotik eratorritako plastikoa erabili dutela bilgarri itxi bat sortzeko etab…
Gaurtik aurrera adi egon zaitezte eta ikusiko duzue nola ingurugiroa errespetatzen dutela aldarrikatzen duten ehundaka enpresa zein produktu aurkituko dituzuen. Jasangarritasunaren lasterketa eroan murgildurik, behar diren baliabide guztiak erabiliko dituzte lehiakideak baino are jasangarriago agertzeko. Agertzea baita, aberastearekin batera, gure gizarte honen helburu nagusia. Bidean ingurugiroa suntsitzen jarraituko badute ere.