Taldekideak taularatzearekin batera etorri den txalo zaparrada handia entzun ondoren hasi da kontzertua. Lehendabiziko kantak ez dituzu bereziki ezagutzen, aspaldi galdu zenuen taldearekiko grina eta. Bizitza, etengabe aldatzen den ziklo hori. Gauzak horrela, mugikorra poltsikotik aterata abesti lerroren bat leunki abestuz eta burua zertxobait mugituz, egin dituzu argazkiak. Ez dira onak, baina bertan egon zareneko testigantza badaukazu. Egunero ez baita norbera euskal talderik ospetsuenaren agur birako kontzertura joaten eta.
Kontzertuak aurrera egin du. Halako batean, lagunak zigarroa erretzera kalera ateratzeko eskatu dizu. Kanpoan zaudetela, akorde ezagunagoak iritsi dira zuen belarrietara. Zigarrokina bota eta arrapaladan sartu zarete biok aretora. Orain bai. Ezagutzen ez dudan , herri batean, bapatean… Bat-batean etorri zaizkizu, ba, burura hainbat bizipen. Lanera zindoan hartan kotxean bolumena topera abestu zenueneko hura, Bartzelonako pisukideekin Apolora Berri Txarrak entzutera joan zineneko bestea...Gorputza eta ahots kordak ere berotu dira eta zirrara batek gurutzatu du zure gorputza.
Beranduago beste abesti ezagun asko entzun dituzu eta baita abestu, nola ez. Guztiz murgildu zara giroan. Ingurukoek ere, adin batekoak denak, ozen eta gogotsu abestu dute. Izerdi patsetan lagunekin egindako argazkiaren ondoren, kalera atera gabe erre duzu zigarroa. Zenbat oroitzapen, zenbat une berezi, denak musikari, abesti batzuei loturik. Ez zaude musikan oso jantzia. Inoiz ez duzu zaletasun berezirik izan. Estilo asko gustatzen zaizkizu, oso ezberdinak euren artean. Eklektiko xamarra zara, motel.
Baina Berri Txarrak zure nerabezaroa eta gaztaroaren parte dira. Oroitzapen asko daudelako bere musikari loturik. Badakizu inoiz osperik handiena izan duen euskal taldea izango dela ziurrenik. Baina ez zara horregatik hurbildu kontzertura. Aspaldian hainbeste ez badituzu jarraitu ere, ezin zenuen une hori galdu. Zentzu batean kontzertu hau, agur bira hau, zure bizitzako garai bati agur esateko era bat ere izan da. Bizitzan etapa ezberdinak daude eta derrigorrez batetik bestera igaro beharra dago. Peter Pan sindromeaz bizi nahi ez baduzu behintzat. Hala ere, zertxobait tristetu zaitu 2.DBHn zeundenean Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketa irabazi zuen taldeak agur esateak.
Baina bada esperantzarik. Biraren izenburua Ikusi Arte da eta taldeak ez dizkio itzulerari ateak guztiz itxi. Hori bai, hobe pentsatuta, esperantza taldearentzako izango da. Zure gaztetasunari ikusi arte baino, agur betirako esan behar diozu. Eta hori berri ona da.