Has gaitezen, bada, alderdi positibotik. Esan bezala, eskuina baino haratago dagoen indarrak ez du esperotako emaitzarik izan. Galdeketa batzuen arabera 60tik gora eserleku lor zitzakeen eta horren erdira ere ez da heldu. Horrez gain, PPk inoizko emaitzarik kaxkarrena erdietsi du eta eskumako hiru alderdiek ezin izan dute gehiengorik lortu. Honi guzti honi, gurean izan duten emaitza negargarria gehitu behar zaio. EAEn ez dute hiruren artean eserleku bakarra ere lortu. Errenteriara etorri ziren hautsak harrotzera eta zaplazteko ederra eraman dute bueltan. Bazekitela esango nuke .
Baina, aurretiaz aipatu bezala, badaude hain pozik ez egoteko arrazoiak. Alde batetik, VOXek lorturiko botu kopurua. 2,5 milioi lagunek baino gehiagok eman diote babesa Abascalen alderdi faxistari. 2,5 milioi laguni ez zaizkie hain izugarriak iruditzen egunero esandako astakeriak. Gorroto delituaren hegian dantzan ibiltzea gustuko duen alderdiak hautesleen 10tik baten babesa lortu du. Ez dakit beti aipatzen den frankismo soziologikoak bakarrik azal dezakeen emaitza hori edo Europa aldetik datozen tendentzien barruan ere sailkatu daitekeen. Kataluniak ere omen izan du horretan erantzukizunik. Ulertu dezaket espainiar nazionalista batek katalanen independientzia prozesuaren aurrean haserrea agertzea, baina atzerritarren, emakumeen eta heterosexualak ez direnen aurkako eraso bortitzak babesteak beldurtu egiten nau.
Aurreko astean, kasualitatez, VOXekin egin nuen topo. Valentziako Zientzien Museoan nengoela, sekulako ilara ikusi nuen kanpoan. Ehundaka emakume eta gizon, Espainiako banderak gainean zituztela, ordu batzuk beranduago hasteko zen mitinean sartzeko prest. Beldurra sentitu nuen. Faxismoaren aurrean beldurrik ez, esan ohi dugu. Ahula omen naiz. Egia da gizonezkoa eta zuria naizela, beraz, alde horretatik arriskurik ez. Baina, pentsatzen hasi nintzen. Zer gertatuko litzateke orain euskaraz egingo banu? Edo mutil laguna musukatu? Nola erantzungo zuketeen emakume afrikarra banintz? Eta igandeko hauteskundeetan gobernura iristea lortzen badute?
Azken galdera, azken hausnarketa. Argi daukat sistema ekonomiko-politiko-mediatikoak manipulatu egiten gaituela. Badakit, hauteskundeen bidez gauza asko konpontzea ezinezkoa dela. Badakit ere ustez ezkerrekoak diren alderdi askok gutxi duela ezkerretik. Eta konsziente naiz beldurra erabili ohi dela nahi dena inposatzeko. Ba hala eta guztiz ere, arren eskatu nuen eskuinak eta eskuin muturrak hauteskundeetan emaitza kaxkarra izatea. Ez nion Jainkoari eskatu ateoa naizelako, baina ez nintzen hain urrun ibili. Beraz, zein puntutaraino izan da puztua ultraeskuinaren indarra? Hau da, posible da VOXen arriskua beste alderdi batzuk zuritzeko erabili izana? Pozik egon behar dut eskuinek hain diputatu kopuru txikia lortu dutelako? Ala benetan eskuinak irabazi al du?