Maiatzaren 26ko hauteskundeek aldaketa ekarri dute Bizkaiko hainbat udalerritara. Galdakao eta Durango dira horren adibide adierazgarrienak. Biak ala biak herri garrantzitsuak direlako. Azken adibidea hartuko dut hizpide, bertakoa izanik, hoberen ezagutzen dudan kasua delako.
Azken 40 urtetan jeltzalea ez den lehen alkatea izango du Durangok. EH BIlduko Ima Garrastatxuk bere alderdiaren eta Herriaren Eskubidearen babesa jaso du. Lehen aldiz EAJk oposiziotik lan egin beharko du, nahiz eta alderdirik bozkatuena izan den. Emaitza ez dut uste kasualitatea izan denik. Aurreko gobernu taldearen jarrerak izan du eragina eta baita azken aldian herrian sortu diren plataforma eta auzo elkarteek egindako lanak ere.
Historikoki Durango oso herri kontserbadorea izan da. Karlismoaren gune XIX. mendean eta XX.ean eskuineko alderdiek eduki dute boterea beti. Herri mugimenduen indarra, gainera, eskasa izan da orokorrean. Ezker Abertzalea egon da soilik kaleetan. Baina, azken urtean hamaika plataforma sortu dira gai ezberdinen inguruan aldarrikapenak egiteko asmoz. Besteak beste, airearen kalitate txarra salatzen duen Durangairea edo trenaren lurretan egiteko diren proiektu espekulatiboaren inguruko herri galdeketa eskatzen duen Erabaki. Plataforma hauek guztiek 2018an Durangok Planto mugimendua sortu zuten. Aldarrikapenak ezberdinak baziren ere, denek zuten elkartzen zituen zerbait: udalarekiko harreman eza. EAJ eta PSEk osatutako gobernu taldeak herritarrei ateak ixten zizkien, herriari bizkarra emanda gobernatzen zuten.
Aspaldiko partez inoiz baino interesgarriago eta dinamikoago egon da Durango. Biziago. Sare sozialetako eztabaidak, kontzentrazioak, prentsaurrekoak, manifestazioak etab. etengabe gertatu dira herrian. Bizilagunek udaleko osoko bilkuretara joateko ohitura hartu dute eta baita batzordeetara. Politikariek, presioa igarrita, azalpenak ematera behartuak sentitu dira. Politika egiteko eran aldaketa nabarmena gertatu da gurean. Hauteskundeetako kanpaina izan da horren lekuko garbia. Alderdi guztiak bildu dira bizilagunekin, elkarteekin...Itxurakeria izan liteke batzuen aldetik, baina ,behintzat, egin behar izan dute.
Eta orain zer? Kanpaina baino lehenago bizilagunak entzutera ohituriko bi alderdiak dira gobernu taldea osatzen dutenak. Plataforma eta elkarteek askoz harreman sendoagoa izan dute alderdi horiekin biekin, dudarik ez. Aldaketa beharrezkoa zela entzun izan da hilabeteetan Durangon. Ba heldu da aldaketa. Zer gertatuko da kaleko protesta eta aldarrikapenekin? Argi dago erakundeek gauzak aldatzeko indar askoz handiagoa dutela, baina beharrezkoa da kaleetako borroka? Nik baietz uste dut. Benetan. Herritar kritikoak behar dira. Bere herria hobetu nahi dutena kolore politikoa alde batera utzita. Zoritxarrez, badaude ezkorrak izatera naramaten hamaika adibide. Herri askotan, aldaketa gobernura iritsi denean, kaleak isildu egin baitira. Salbuespena izango ote da Durango?