Hori egin dutenek 40 urte daramatzate boterean. Autonomia Erkidego bateko, lurralde historikoetako eta ehunka udalerrietako gobernuak kontrolatzen dituztenak dira ideia hau izan dutenak. Erakunde horietatik eraginkorrak izan daitezkeen neurriak har ditzaketenak, hain zuzen ere. Eta suposatzen da, guk, herritarrok, liluraturik, ekintza hori txalotu behar dugula, euren ausardia eta kemena miretsi behar ditugula. Ba berandu dabiltzala jakin behar dute. Egitasmo sinbolikoen garaia aspaldi bukatu zen.
Zer dela eta uste dute politikariek herritarrak ergelak garela? Bere lekuan jartzen ez ditugulako gurea izango ote da errua? Baliteke. Agian hainbeste urtetan hauteskundeak aise irabazi izanak eraman ditu horren arduragabe jokatzera. Arriskurik ez daukatela sinetsita bizi dira, ezta? Bestela ez dago ulertzerik. Azken urteotako euren ibilbide politikoari begiratuta ez baita hain argi geratzen aldaketa klimatikoari aurre egin nahi diotenik. Bihar bertan hamar haritz landatuko balituzkete ere. Hona hemen hainbat adibide adierazgarri: Gipuzkoako erraustegia, Abiadura Handiko Trena, banda marroiaren arazoari aurre egiteko fumigazioak eta pinuen zein eukaliptoen aldeko apustua, Loiuko aireportuko bidaiari hazkundearen inguruko ospakizunak… Horrelako beste hamaika adibide emango nizkizueke, baina gauza bera errepikatzea izango litzateke.
Adibide horiek erakusten digutena da ingurugiroarentzako kaltegarriak diren proiektuak bultzatzen dituztela. Nahiz eta jasangarritasuna maiz ahotan izan, etengabeko hazkunde eta garapenaren izenean edozer egiteko prest egon ohi direla. Berdin dio zenbat aldiz esaten diguten aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko prest daudela. Ez dio axola Bizkaibuseko autobusak berdez margotzen badituzte. Erakundeek hitz potoloz jantzitako manifestu eta konpromisoak kaleratu ditzakete, baina horrek guztiak ez du benetako baliorik. Esan daiteke landatu duten haritza sustrairik gabekoa dela eta haritzak ezin du sustrairik gabe bizi. Are gehiago, sustrairik gabeko haritza ez da haritza. Ez da ezer.
Landaketa baino egun batzuk lehenago eta munduaren bestaldean, Greta Thunbergek politikari eta agintariek egiten ez dutena egin du. Norabidea berehala eta benetan aldatzeko ordua heldu zaiola esan dio munduari. Aitzakiarik gabe. Ekintza sinbolikoekin jarraitzea adarra jotzea besterik ez dela bota die aurpegira planetaren etorkizuna euren eskuetan dutenei. Argi eta ozen esan du. Zoritxarrez ez dirudi mezua Albia Lorategiko egoitzara iritsi denik. Edo heldu arren, entzungor egitea erabaki dute. Berdin jarraituta hobeto bizi direlako izango ote da? Batek daki.