Jakina denez, Euskal Herriko ia ikastetxe guztietan ikasten da ingelesa eta baita irakasgaiak ingelesez ere. Gainera, hizkuntza kultura baten elementu nagusienetakoa denez, berarekin batera herrialde anglosaxoietako kantak, usadioak, ohiturak eta abar ere irakasten zaizkie gure seme-alabei. Horrek, berez, ez dauka ezer txarrik. Hala ere, inoiz galdetu al diozue zuen buruari zergatik ari garen ingelesa ikasten eta ez beste hizkuntzaren bat?
Erantzuna, hein handi batean, ozeanoaren bestaldean aurkituko dugu. Izan ere, botere militar eta ekonomiko nagusiaren hizkuntza da ingelesa. Gauzak horrela, kultura estatubatuarra nonahi aurkitu daiteke. XX. mendearen erdialdetik hona Estatu Batuak bere American Way of Life saltzen eta inposatzen ari dira hezkuntzaren eta entretenimendu industriaren bitartez. Hollywood eta musika industria publizitate agentzia apartak dira. Pentagonoak bultzaturikoak, noski.
Egia da kultura ez dela mugiezina eta beste herrialde edo kulturekin kontaktua izatean norberarena moldatzea onuragarria izan daitekeela. Baina, harremana norabide bikoitzekoa bada soilik. Kasu honetan, berriz, ez dirudi hartu-emanik dagoenik. Ezagutzen dute, ba, Olentzero Bostonen? Berri Txarrak Miamin? Marmitakoa Chicagon? Guk, aldiz, ondo dakigu Santa Claus, Lady Gaga edo hanburgesa zer diren. Halloweenekin gauza bera gertatzen da.
Ba hala ere, nire harridurarako, bestelako iritziekin egin dut topo. Halloweenen jatorri zelta azpimarratzen dute nire inguruko batzuek. “Jai irlandarra da, ez amerikarra!” esaten dute. Horrez gain, Euskal Herrian ere Arimen gaua edo Gau Beltza izena zuen antzeko jai bat ospatzen zela aldarrikatzen dute. Guzti honekin ados nagoen arren, errealitatea ez onartzeko aitzakia besterik ez dela dirudi. Gure kaleetan ikusten dugunak Estatu Batuekin zerikusirik ez duela adierazi nahiko balute bezala. Ba niri, behintzat, oso zaila zait pentsatzea Irlandatik datorrelako edo euskal tradizioa delako ospatzen dugula. Hollywoodek hainbestetan erakutsi digun eredua da gure artean ikusten dudana.
Argi utzi nahiko nuke ez naizela tradizioak betirako mantentzearen aldekoa, eta, are gutxiago, inori zer egin behar duen esatearen aldekoa. Orain, nik bezala kulturalki kolonizatuak izaten ari garela uste baduzue ez dakit aukerarik onena aitzakiak bilatzea den. hainbat herritan egiten hasi diren moduan, Halloweenen arrakasta erabili daiteke euskal ohitura zaharrak aldarrikatu eta berreskuratzearekin batera. akulturazio prozesua zertxobait geratzeko. Ikastolek Olentzerorekin egin zuten bezala, bilakatu dezagun arazoa aukera!