Ba, aipatutako kasuez gain, badaude ikusezinak izan arren, hormarik sendoenak baino sendoagoak diren hesiak ere. Hauetako askok hiriak zatitu eta biztanleak urruntzen dituzte batzuk besteongandik.
Edozein hiritan aurkitu ditzakegu bata bestearengandik oso ezberdinak diren auzo eta guneak. Zenbat eta handiagoa hiria, orduan eta aniztasun zabalagoa, normalean. Makina bat arrazoik azaltzen dute aniztasun hori: jatorri historikoa, funtzio ekonomikoa edo erakundeen estrategiak, beste batzuen artean. Dena delakoagatik, eremuen arteko aldeak xumeak edo nabarmenak izan daitezke. Batetik bestera oinez edo garraioz mugitzerakoan argi geratzen dira desberdintasunak: eraikinen kalitatea eta itxura, espaloien zabalera, eremu berdeen presentzia, denda, taberna eta bestelako negozioen estiloa edo kaleek garbitasuna edo trafikoa. Hori esparru fisikoari dagokionean. Biztanleei erreparatzen badiegu, nabaria da kontrastea: azalaren koloreak, janzkerak, orrazkerak, jarrerak, adinak etab. Ezberdintasunak zenbat eta nabarmenagoak izan, orduan eta indartsuagoa hesia.
Inoiz, egia da, badirudi hesia desagertu dela. Denboraren poderioz auzo batzuen itxura nabarmen aldatzen da: aurretik bertan zeuden bizilagunetako asko desagertu eta hiriko gainontzeko eremutan ohikoa den jendea hurbiltzen hasi da. Horrez gain, negozio modernoak, kale garbiagoak eta berdegune berriak ageri da. Gainera, komunikabideetan inoiz baino gehiago entzun edota irakur daitezke auzo horren eraldaketa goraipatzen duten iritziak eta badirudi auzotarrak ere pozarren daudela. Baina ilusioa besterik ez da. Auzoan barrura eginez gero edo alboko auzora igarota, argi ikus daiteke hesia ez dela desagertu, lekuz mugitu dutela, besterik ez. Aldaketaren aurretik ikus zitezkeen pertsona, eraikin, azal kolore eta negozioak beste inguru berri horretan ageri dira. Desplazamendua gertatu da. Eta hori oso gutxitan kontatzen dute komunikabideetan. Erakusteko polita ez delako. Hiriaren benetako eraldaketarako gaitasuna zalantzan jartzen duelako. Arazoak konpondu ez direlako.
Gauzak horrela, gugandik oso hurbil, baina, era berean, oso urruti dauden esparrutan jarraituko dute bizitzen ehundaka lagunek, ezin aterata. Ez dituzte hesiak ikusten, baina ondo baino hobeto dakite bertan daudela. Guk, alde honetan bizi garenok, indarra egin beharko dugu haiekin batera horma eraitsi nahi badugu. Ez gaitezen hesia mugitzearekin konformatu eta egin dezagun lan gure hiriak esparru benetan ireki eta eraldatzaileak izan daitezen.