Joan den urtarrilaren 13an Oscar sarietarako izendapenak eman ziren ezagutzera. Askotan gertatu izan ohi den moduan, izendaturiko aktoreen artean ez zegoen ia beltzik. Beste behin, Hollywooden aniztasun falta agerian geratu zen. Duela urte batzuk, #Oscars so white lelopean sari banaketari boikota egitera deitu zuten askok, izendaturiko gehienak zuriak zirelako nahiz eta AEBn biztanleriaren %15 inguru afro-amerikar jatorrikoa izan. Aurtengo izendapenetara itzuliz gero, eztabaida ondorengo egunetan etorri zen. Izan ere, Deadline eta Vanity Fair aldizkariek, besteak beste, Antonio Banderas eta Cynthia Erivo aktoreak aipatu zituzten izendapena jaso zuten “koloreko aktore” bakar gisa.
Hasteko eta behin “koloreko” kontzeptuak argi erakusten du arrazakeria zein barneraturik dagoen, nahiz eta, ziurrenik, hitz hori erabili duten kazetariek bere burua aurrerakoitzat izan. Zuzentasun politikoaren iragazkitik igaro ostean, kolorekoa eufemismoa afro-amerikarrak edo beltzak izendatzeko erabili ohi da. Bai beltzek eta bai zuriek talde itxi eta homogeneoak eratuko balituzte bezala. Zuek gugandik bereizteko erabiltzen den kontzeptua. Gu (zuriak) zuen (beltzen) gainetik gaude esan nahi du, zuek ez zaudetelako gure maila berean.
Baina, harridura eta haserrea ez zuen hitzaren erabilerak piztu. Ezta Cinthya Erivo koloreko aktore izendatzeak, baizik eta Antonio Banderas kategoria hortan sailkatzeak. Sare sozialetako erabiltzaile askok estatu batuarren arrazakeria gogor kritikatu eta Banderasen jatorri europear eta zuria sutsu aldarrikatu zuten. AEBn arrazakeriak indarrean jarraitzen duela argi dago, baina zer esan Antonio Banderas babesteko bere zuritasuna aldarrikatu zutenen inguruan? Ba, besteak bezain arrazistak direla. Aktorearen zuritasuna aldarrikatzeak atzean dakarrena da, hain zuzen ere, ez dutela onartzen Banderas, eta ondorioz, eurak gutxiago direnik. Joaquin Phoenix edo Scarlett Johansson bezain zuria da Banderas (eta naiz ni) esan nahi dute. Hau da, lehen mailakoa. Gainetik dagoena, ez azpitik.
Arrazismoarekin bukatzeko bideak, nire uste apalean, justu kontrakoa behar luke. Banderasen eta Erivoren aniztasuna aldarrikatzea eta, horrekin, aniztasun faltari eta arrazismoari berari aurre egitea. Azalaren kolorea, begien forma edo eskuen tamaina gizakiak banatzeko irizpidetzat hartzea hautu bat besterik ez delako. Ilegorriak beste arraza batekoak direla sinestuko bagenu, gaur egun hain normalak zaizkigun sailkapenak bezain logikoa irudituko litzaiguke.
Arrazen arteko sailkapena egitean beste saku batean sartzen bazaituzte eta haserretzea bada zure erantzuna, sailkapena indartzen ari zara. Lehen eta bigarren mailako arrazak daudela esaten ari zara. Aldiz, aniztasuna aldarrikatu eta “kolorekoa” zarela onartuz gero, sistema bera kolokan jartzen duzu. Beraz, izan gaitezen denok kolorekoak. Bakoitzak bere kolorea du eta ederra da hori.