Igandean kalera atera nintzen. Bai, txakur bat izatea pribilegio bilakatu da egoera honetan. Egun eguzkitsu bateko arratsaldeko 15.30ak ziren eta inor ez kalean. Parkera iritsi nintzenean, ordea, erreka ondoko bedartzan eserita zegoen emakumea hurreratu eta galdetu zidan ea zergatik zegoen dena hain hutsik. Etxetik ateratzea debekatuta zegoela azaldu nionean, zigarro bat eskatu eta aterpetxera joango zela esan zidan. Emakume horrek, beste askok bezala, ezin du etxean geratu, etxerik ez duelako. Eta horrek zer pentsatua eman zidan.
Une hortararte etxean nengoen gogaituta, zer egin ez nekiela. Aurretik nituen 15 egunak nola igaroko nituen buruari bueltak emanez. Baina emakumearekin topo egiteak zein pribilegiatua naizen gogorarazi zidan. Alarma Estatu honen aurrean nik etxean gelditu besterik ez dut egin behar. Zorionez, etxetik lan egin dezaket, soldata osoa jasota gainera, eta etxean heldu bi bizi gara, haurrik gabe. Baina zer gertatzen da kutsatzeko arriskuaren beldur izan eta lanera derrigorrez joan behar direnekin? Eta lanetik bota(ko) dituztenekin? Zer egingo dute autonomoak direnek? Nola demontre moldatuko dira seme-alaba txikiak dituztenak? Eta bakardadea sufritzen dutenak? Dependentzia egoeran daudenak?
Ez hori bakarrik, eguneroko gauza txikiek duten balioa ikusten hasia naiz. Muxuak, elkar ukitzea, besarkatzea, beste norbaiten eskua sorbalda gainean sentitzea, loreen usaina, gozokien zaporea, lankide eta lagunekin kafea hartzea edota pelikula ederra zineman ikustea. Denak gogokoak, denak faltan. Baina baita egunerokoan ernegatzen nautenak: ikasleen algaradak, tabernetako zarata, hitz egiteko gehiegi hurbiltzen zaizun lankidea, iladan zain egotea, etxeko ataritik irten eta haize bufadak aterkiari buelta ematen dionean, ama eta aita zahartzen ikustea, zapore mingotsegia duen zuritoa, interes gabeko antzerki emanaldia, auzoko ergelaren gogorik bako agurra… egunek aurrera egin ahala, horiek guztiak ere berriro sufritzeko gogoa sartuko zait.
Etxean eman beharko dugun denbora luze honek bere alde txarra duen arren, baikorrak izaten saiatu behar gara. Ikastaro intentsiboa izango dela pentsatu nahi dut. Asko ikasiko dugu hontatik eta daukagunari balio handiagoa emango diogu. Ala ez? Orain arte ezagutu dugun normaltasunera itzultzen bagara, baliteke dena ahaztea eta betiko martxan jarraitzea. Gure esku dago. Baliatu dezagun aukera. Bitartean, zaindu ditzagun gure burua eta alboan ditugunak, atera dezagun barruan dugun onena eta saiatu gaitezen dena bukatzen denean ikasitakoa praktikara eramaten. Besarkada bat danontzat. Kristona montatuko dugu egun hauek bukatzean! Gora bihotzak!