Hasieran irakasle bakoitzak bere estiloarekin ekin zion. Hezkuntza sailaren arabera ikasleek argi izan behar zuten etxean egindako lana eskolakoaren parekoa izango zela. Ezer gertatu ez balitz bezala. Etxe guztiak berdinak bailitzan. Gauzak horrela, andana proiektu eta ariketa agintzen genizkien. Lankideek egiten zutena ezagutu gabe, denok, programaturiko helburuak betetzearren, aurrera egin genuen, gelan egongo bagina legez. Eta, noski, azkar heldu ziren lehenengo kexak eta kezkak. Ikasleek ezin zuten kasu askotan egoera kudeatu: hamarnaka email, plataforma ezberdinetan pilaturiko ariketak, bete beharreko epe mugak... Ez naiz soilik egoera zaurgarrienean dauden ikasleei buruz ari. Nahiz eta bizi baldintza onak, ordenagailua edota mugikorra eskura eta maila kultural ertain-altuko gurasoak izan, berez langileak eta ekinak diren ikasleek ere sekulako estresari egin behar izan zioten aurre.
Opor ostean gauzak argiago egongo ziren esperantzarekin agurtu genituen ikasleak apirilaren 3an. Pentsatu genuen, inozoak gu, hilaren 20an izango genuela egoerari behar bezala aurre egiteko irizpiderik. Une hartan, apirilaren 11 arte luzatzekoak ziren bai konfinamendua eta baita alarma egoera ere. Ikasle batzuek Aste Santutako bigarren astean kalera ateratzeko aukerarekin amesten zuten. Kontrako susmoa izan arren, ez genuen haien gogorik zapuztu nahi eta “ikusiko dugu zer gertatzen den” moduko esaldiak esaten genizkien.
Bildu dira Celaa eta erkidegoetako sailburuak, piztu da eztabaida jendartean eta astebete beranduago, aurkeztu dute ikasturte bukaerako plana. Eta orain zer? Ondo aztertu beharko dugu plan hori eta ahalik eta egokien aplikatu, baina, hala eta guztiz ere, hainbat galdera egiten dizkiot neure buruari. Badute zentzurik azterketek une honetan? Zeri eman behar diogu garrantzia handiagoa, arlo akademiko ala emozionalari? Zenbaterainoko kaltea sor diezaieke ikasleei ba bi hilabetean eskolarik ez izateak? Galdera ugari; erantzun gutxi.
Aurrerantzean daukagun onena ematen jarraituko dugu. Nik ez dakit, oraindik, zein pisu izango duen ikasturteko emaitzan orain lantzen ari naizenak. Baina pentsatu nahiko nuke bitarte guzti honetan hurbil sentitu nautela, bere arazoekin kezkatu naizela, behar izan dutenean entzun diedala. Hori da garrantzitsua niretzako. Eta jakin badakit, nire 175 ikasleetako gehienak espero nuena baino hobeto erantzuten ari zaizkiola egoera honi. Irakasgaian lortzen duten emaitzaz haratago euretako askok 10koa merezi dute. Heldutasuna irabazteaz gain, oztopo erraldoi honetatik asko ari baitira ikasten. Eta hori betirako izango da.