ARGAL(EGI)

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2020ko mai. 20a, 00:22

Lagun batekin zerbait hartzen nengoela, bere ezagun bat gerturatu zitzaigun. Hainbeste denbora eta gero, pozarren zeuden topo egiteagatik. Zer moduz zaude? eta antzerakoen ondoren, bat-batean, alaitasuna eta rollo on guzti hori desagertu egin ziren tentsioari bide emanez. Lagunaren aldartea ilundu eta , gogo gabe, deseroso, somatu nuen. Ezagunak alde egin ondoren aitortu zidan zergatia: “argaldu naizela esan dit”.

Hasiera baten ez dirudi hain larria. Jendarte lodifobo hontan argal egotea delako gu denok lortu beharreko helburu nagusietako bat. Edonon aurki ditzakegun dieta miraritsuak, entrenamendu pertsonalak, kremak, iragarkietako gorputz lirainak eta enparauak horren adibide garbia. Loditasuna berdin gaixotasuna; argala berdin osasuntsua da barneratuen daramagun mantretako bat. Hau horrela beti izan ez bada ere,  kapitalismo globalizatuak eta heteropatriarkatuak, negozioa egiteko eta denok sistemaren gatibu izateko ez bada, ez dute gizentasuna maite. Feministek denbora luzea daramate nik baino askoz hobeto azaltzen.

Orduan, argaltasuna berdin osasuna? Ez ba. Gaixotasun askoren ondorioa izan daiteke argaltasuna eta, horren lekuko, XXI. mendeko herrialde garatuetako pandemia nagusia:  estresa-depresioa. Hori, hain zuzen ere, gertatzen zaio noizbehinka nire lagunari. Berezkoa duen izaera obsesiboak burmuina etenik bako dantzan jartzen dio. Energia mordoa kontsumitzen du sabelean handitzen zaion korapiloak jaten uzten ez dion bitartean.  Berarentzat, ondorioz, ohi baino argalago egotea, gaixotasunari loturik dago, azken aldian alkohol gutxiago eta kirol gehiago egiten ari bada ere.  Inori ez zaio gustatzen gaixo dagoela etengabe gogoraraztea. Gaixo egotea ere ez dagoelako onartua gurean.

Badaki argaltasunari erreferentzia egiten dioten gehienek asmo txarrik ez dutela. Berarekin kezkatuta daudenez, elkartasuna adierazi nahi diotela pentsatzen du. Hala ere,  hitzak entzuten dituen bakoitzean bere esparru intimoan baimen barik sartzen direla sentitzen du. Lagunekin ez dio hainbeste minik ematen. Ezagun edo lankideekin, aldiz, ezin dezake jasan. Garrantziarik eman gabe botatzen duten esaldia delako, baina, era berean, azalpenak ematera behartzen duena. Eta ez du nahi azalpenik eman. Ez du bere itxura justifikatu nahi. Ez dauka zertan.  

Hau gertatzen zaionetik, eta badira urteak, ez dio inori itxura fisikoari buruz ezer esango, ez bada positiboa den zerbait azaleratzeko. Ileapaindegitik etorri berria denari ilea zein ondo moztu dioten esango dio, adibidez. Inoiz ez argaldu, loditu edo zimurtu dela. Agerikoa bada ere. Lagunen kasuan era oso diskretuan galdetuko die ondo dauden eta, gero, “baimena” eskatu ostean, helduko dio gaiari. Tentuz ibili behar dugula uste du. Gorputza zein irudia, biak dira errazegi  epaituak. Bakoitzak bere burua zain dezala, ala ez, eta nahi duenarekin soilik partekatu ditzala tristurak, poztasunak eta soberan ala faltan dituen kiloak.