...ezer ez dakidala baizik

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2020ko urr. 16a, 11:43

Historiako aipu ezagunenen artean, Sokratesen “ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik” da ezagunenetakoa. Hala eta guztiz ere, 2.500 urteren ondoren, gure inguruko askok ez dute esaldi hori bere eguneroko bizitzara eramaten. Aurkakoa, aldiz, bai.

Nonahi aurkitu daitezke bere buruaz harro, eta zalantzarako inolako tarterik uzten ez dutelarik, eztabaida baten baitan euren iritzia egia absolutua balitz defendatzen dutenak. Eta badaude, nola ez, sasijakintsuak, edozein gairi buruz dena dakitenak, eskatu gabe azalpena ematen dizutenak, bide batez zure iritzia errespetatu ez eta ezjakina bazina legez tratatzen zaituztenak. 


Suposatzen dut beti izan direla horrelako pertsonaiak, ez dela gure garai honetan soilik gertatzen. Lehen, baina, sasijakintsu orojakileen entzulegoa murriztua zen. Inguruan zituztenek bakarrik pairatu behar zituzten. Idatzizko zein ikusentzunezko hedabideen garapenari esker gero eta jende gehiagoregana iristen hasi ziren. Gaur egun, hori guztia gutxi balitz, sare sozialek sekulako oihartzuna eman diete. Twitter, Facebook, Instagram edo egunkarietako foroetan, edonon topatuko dituzu bere jakinduriarekin zu argitzeko prest dauden hauek. Berdin dio zein den jorratzen den gaia. Anonimotasunak, gainera, formak ez zaintzeko aukera sendotu egiten du.. Ez daukate inolako ardurarik hartu behar. Edozer esatea zilegi dute, inork ez duelako jakingo nor dagoen hitzen atzean.


Hau da errealitatea eta zaila da aldatzea. Horregatik, honen aurrean zein jarrera hartu, hor dago koxka. Duela gutxi arte, astakeria bat irakurtzen nuen bakoitzean, erantzuteko premia sentitzen nuen, barrenak kiskaltzen sentitzen nituelako. Hori irainen aurrean. Edo adierazpen arrazista, homofobo zein matxista batekin topo egiten nuenean. Bestalde, norbaitekin eztabaidan hasi eta, argudioak eman arren, berearekin tematurik jarraitzen bazuen konbentzitzen saiatzen nintzen era batean edo bestean. Alferrik, gehienetan. Ia beti, hobeto esanda. 


Horregatik, kontrako jarrera hartzea erabaki dut azkeneko hontan. Konturatu naiz, entzun nahi ez duenarekin eztabaidan, energia besterik ez dudala galtzen . Ez du merezi. Hobe da ez erantzutea edo arrazoia ematea. Azken horrek badu bere alde ona. Maltzurkeria puntua ere, intimitatean bizi duzun maltzurkeria, hori bai. Arrazoirik ez duenari zuzen dabilela esaten badiozu bere iritzia indartuko duzu eta,  horrela, ezjakina izaten jarraituko du. Zuk bakarrik gozatuko duzu garaipen txiki horrekin, baina batzutan sekulako poza ematen du eta ,ez hori bakarrik, askoz lasaiago egiten duzu lo. Hori bai gauza handia. 


Nik nahiago dut zalantza egiten jarraitu,  neure buruari galderak egin, eztabaidetan iritziz aldatzeko prest egon eta besteon ikuspuntua ulertzeko esfortzuan tematu. Ez da erosoa, badakit. Askotan frustratuko naiz, seguru. Edozein kasutan, esango nuke hau dela bizitzan aurrera egiteko erarik onena eta nire ezagutza handitzeko biderik seguruna. Ez dut nahi egia absolutuaren kaiolan gatibu bizi. Askoz hobe ezjakintasunaren egian dantzan ibili.