5 egun eskas geratzen zaizkizu 3000 karaktereko testua bidaltzeko. Testua interesgarria balitz, askoz hobe, baina sikiera duina den zerbait bidaltzea lortuko bazenu, gaitz erdi. Hau ez zaizu hilabetero gertatzen, eskerrak. Beste batzutan, puri-purian dagoen gairen bat hautatu, teklak sakatzeari ekin eta, harrigarria bada ere, lortu izan duzu mamia duen testurik aurrera ateratzea.
Bueltak ematen ideia erdi interesgarria bururatu zaizu. Normalean egiten duzun moduan, idazten hasi zara, buru-belarri, datozen ideiak pantailan islatzen. Testuak ordenik ez badu ere, ez dio axola, gero emango diozu forma eta azken ukitua. Eta azken-azkenekoa bidali baino lehen. Paragrafoak irizpide handirik gabe banatzen ari zara. Badakizu, ordea, konponbidea duela horrek. Edozein momentutan, edo hogei aldiz beharrezkoa balitz, intro tekla sakatu eta itxura berria hartuko du idatzi duzun artikulu horrek.
Zer izango ote zen idazmakinen garaian artikuluak idaztea? Eta eskuz? Akatsen bat egitekotan nola konpondu? Horrek bai zeukala meritua. Bai jauna! Edozein kasutan ere, idaztea beti izan da idaztea. Ariketa eder bezain neketsua. Era berean plazer handia zein buruhausteak ematen duena.
Testua hasi eta bukatu arteko prozesu horretan zehar gora-beherak bizi dituzu beti. Pozik eta inspiraturik batzutan, zure hitzek balioa dutela uste duzu. Harrotasuna ere lantzean behin, idatzitakoa berrirakurri eta benetan borobila dela deritzozunean. Bestetan, aldiz, ganorazko ezer ateratzen ez denean, blokeoak gogaitu egiten zaitu eta ez diozu zentzurik ikusten egiten ari zaren horri. Zertarako ari naiz ni idazten? Norentzako? Nori interesatuko zaizkio esaten ditudanak? Eta utziko banu?
Azkenean, betikoa ondorioztatuko duzu. Musu-truk egiten ari zaren honek baduela balioa. Euskaraz idazten ari zara eta, beraz, hizkuntzaren eta hiztun komunitatearen aldeko borrokari egiten diozun ekarpen txikia da. Gainera, tokiko hedabide batek publikatzen ditu zure idatziak eta bestelako ahots eta istorioei lekua egiten dietelako beharrezkoak direla uste duzu. Zure buruarekin zintzoa izan nahi baduzu, inori aitortuko ez diozun arren, bada idaztera bultzatzen zaituen beste arrazoi bat: egoa. Azken finean, ederra da besteek zure artikuluak gustuko izatea. Nahiz eta irakurle horiekin inolako harremanik ez izan, irudikatu dituzu, noiz edo noiz, zure artikulua irakurri ondoren: “Ze ona” esaten. Baina, hau ez dadila hemendik atera, isilpean gordeko dugu.
Hara! Oharkabean orri zuria bete egin duzu.