Gang Bang (Moral Bikoitza)

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2020ko abe. 14a, 14:49

Azaro bukaerako ostiral gaua Bruselan. Grand Placetik gertu dagoen pisu batean zarata entzuten da. Auzokideen salaketaren ondorioz, polizia bertaratu eta hamarnaka gizon erdi biluzik harrapatu dituzte pandemia garaian antolaturiko enegarren orgian. Belgikako Gobernuak ezarritako debekuen gainetik, lagun gehiegi espazio itxian pilaturik eta maskararik jantzi gabe. Egia esan, musukoa orgia batean oso irudi arraroa litzateke, kondoirik ere ez daramatenean. Baina ez da hori kontua. Identifikaturikoen arteko bik pasaporte diplomatikoa erakusten dute. Leiho ireki batetik begiratu eta han ikusten dute beste gizon bat, erdi biluzik, paretako hodi batetik behera ihes egiten saiatzen. Beranduago jakingo dute gizon hori József Szájer dela, Hungariako Fidesz alderdiko kidea.

Fideszek 9 urte daramatza Hungariako Gobernuan. Viktor Orban buru duen alderdiko kidea izan da Szjaer duela gutxira arte, orgia eta egun bi beranduago dimisioa eman duen arte, hain juxtu. Zergatik eman ote du ba dimisioa? Belgikak pandemiaren kutsatzea arriskua ekiditeko neurriak apurtzeagatik? Ez ba. Gizonezkoekin sexua izateagatik. Bai, bere izkutuko grinak eta desioak, bere sexu orientazio eta gustuak agerian geratu direlako. Niri bost axola zait bakoitzari zer gustatzen zaion. Ez dit batere inporta, beraz, Szjaer heterosexuala, homosexuala ala bisexuala den. Edo lantzean behin gizonezkoekin orgietan parte hartzeko ohitura duen. Maitatzeko, bizitzeko eta sexua izateko askatasunean sinisten dut. Szájerrek, ordea, ez. 

 

2011ko Hungariako Konstituzioak gizon eta emakumeen arteko batasun bezala definitzen du ezkontza , sexu bereko pertsonen artekoak legez kanpo utziz. Konstituzio eredu hori aurrera atera zuen politikarietako bat izan zen Josef Szjaer eta, dirudienez, horrekin harro zegoen. Horrez gain, bere alderdiak herrialdea gidatzen duenetik LGTB komunitatearen aurkako eraso, jazarpen eta diskriminazioek gora egin dute, munduko beste herrialde askotan bezala. 

 

Inork ez du derrigorrez armairutik atera behar. Hori norberak hartu beharreko erabakia delako. Guzti honen atzean nahiko istorio tristea dago. Izan ere, Szjaer eta bere egoeran dauden gizon eta emakume askok, bizimodu “onargarri”/heterosexuala daramate besteon aurrean, bere benetako izaera izkutuan gorde behar duten bitartean. Istorio zaharra da hori zoritxarrez. Norberaren ingurua, etxean jasotako hezkuntza eta egoera soziopolitikoaren arabera errez uler daitekw armairuan egon behar hori. Baina norbere bizitza nahi bezala ez bizitzeko aukerarik ez izatea gauza bat da eta zure politika eta erabakiekin zure komunitatea baztertu eta diskriminatzea beste bat. 

 

Harrigarriena, zerbait esateko, zera izan da: harrapatu duenean barkamena eskatu diela bere familia, alderdikide eta hautesleei. Barkamena, akatsa egin duelako. Urtetako bidea kontuan izateko eskatu die eta ez Bruselan gertatutakoa. Funtsean ez da ezertaz damutzen, harrapatua izanaz soilik. Ez zaio bururatu ere egin, edo ez du hala adierazi, LGTB komunitateari barkamena eskatzea, urte horietan guztietan aurrera eraman dituen politikek sortu duten minagatik eta utziko dituen kaltetu guztiengatik. Bere morala eta etika bai geratu direla biluzik.