Parte-hartzaile

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2021ko ots. 15a, 09:47

Gurean duguna ordezkaritzako demokrazia da, denok ondo dakizuen moduan. Lau urtetik behin paper zati bat hautetsontzi batean sartu eta legegintzaldian zehar gu ordezkatuko gaituzten politikariak aukeratzen ditugu. Teorian gure interesei erantzutea izango da hautetsien egitekoa eta beste inolako nahi eta interesen gainetik guretzako, gizartearentzako, onena denaren aldeko lana egingo dute. Lau urte horiek igarotzerakoan euren lanaren gaineko balorazioa emango diegu beste paper zati bat hautetsontzian berriro sartuz.

Ondo baino hobeto dakigu, hala ere, teoriatik praktikara salto handia egon daitekeela. Sistema ez da batere perfektua. Kasu askotan, zoritxarrez, interes orokorra galtzen ateratzen da eta alderdi politikoen beharrak edota multinazionalenak aurretik egoten dira. Ustelkeria deitzen zaio honi. Horrez gain, hauteskunde kanpainan agindutakoak betetzen direnaren gaineko kontrol gutxi izaten dugu herritarrok. Baditu alde onak gure sistema honek, hori bai, baina aldaketak ere egin daitezke. 

Gauzak horrela, demokrazia partizipatiboaren aldeko apustua egin dute azken hamarkadatan munduko eta bertako hainbat eragile eta taldek. Gizartearentzako esanguratsuak eta garrantzitsuak diren gaietan herritarron iritzi zuzena jasotzea beharrezkotzan jotzen dute askok. Denon parte-hartze politikoa eta erantzunkizuna handiagoa izan beharko lukeela, hain zuzen, eta ez soilik lau urtetik behin alderdi bata edo bestea aukeratzea. 

Honen harira, berri on batekin natorkizue. Datorren hilabetean, pandemiaren egoeraren arabera, nire herrian, Durangon, inoiz ospatu dugun lehen galdeketa herritarrean parte-hartzeko aukera izango dugu. Bide benetan luzea eta neketsua izanagatik ere, gure udalerriaren etorkizuna zeharo baldintzatuko duen tren geltoki zaharreko proiektuari onespena edo gaitzespena eman ahalko diogu. Indarrean dagoen egitasmoa gelditzearen aldeko botua emateak, gainera, herritarren parte-hartzearekin eta bideragarria den proiektuaren alde egitea suposatzen du. 

Herriari galdetzea posiboa dela uste izan dut beti. Baina, badirudi, sistemak berak ez duela bereziki gustuko. Izan ere, Durangoko galdeketa honetara iristeko jarraitu den bidea zaila eta oztopoz betea izan da. Herritar talde batek 4.000 sinadura jaso behar izan zituen lehendabizi, galdeketaren gaia udalerriko osoko bilkuran eztabaidatua izan zedin. Agintean zeudenek bazuten, sinadurarik gabe gauza bera egitea, baina ez ziren oso aldekoak. Bidean, sinadurak galdu ziren, jaso beharreko kopuruaren inguruko tira-birak egon ziren, gaia aztertzeko batzorde bereziak eratu ziren...Den-dena prozesua luzatzeko. Durangoko udalbatzak galdeketari onespena eman zionean, proposamena Madrilera bidali zen, galdeketak egiteko eskumena bertako gobernuak solik duelako. Baimena eman zuten azkenean, sinaduren bilketarekin hasi eta bi urtera.

Prozesua hain neketsua izateak beste edozein galdeketa abian jartzeko gogoak zapuztu egiten ditu, eta nago agintzen dutenak horren jakitun direla. Horregatik da ezinbestekoa datorren martxoaren 14an ahalik eta parte-hartzerik altuena izatea. Erakutsi beharra dago gure iritzia ematea nahi dugula eta erabakitzeko eskubidea ez dela soilik lau urtez behin egiten den zerbait.