BONI

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2021ko api. 20a, 20:22

Ohituta gaude ezagunak diren pertsonen omenaldiak ikusi eta antolatzera. Erakundeek, orokorrean, lanbide konkretu batzutakoei egiten diete aitortza publikoa sari eta abarrekin. Idazleak, aktoreak, enpresaburuak edo ingeniariak, besteak beste, izendatzen dira herriko seme-alaba kuttun, adibidez. Kale zein plaza berri bati izena ematerako orduan ere, antzeko ogibideak dituztenak izaten dira hautatuak. Zer gertatzen da beste herritarrekin?

Horregatik dira esanguratsuak  asteburuan Durangon egin den moduko omenaldiak.   Herriko martxanterei eskainitako artelana jarri da Andra Mariko Elizpean. Martxanterak egurrezko mahai eramangarrietan gozokiak eta bestelakoak saltzen zituzten emakumeak izan ziren. Gizonik ere egon bazen ere, gehienak emakumeak ziren. Urteko egun guztietan, haize, euri, hotz ala bero, bertan egoten ziren ume eta ez hain umeei gozokiak saltzeko prest. Oroimenean oso iltzaturik daude emakume hauek hainbat belaunalditako durangarren artean, haurtzaroaren parte garrantzitsua direlako. 

 

Azkeneko martxanterak, Bonik, 82 urterekin  utzi zion saltzeari 2005an . Ordutik hona, Elizpea jendez gainezka egon arren, hutsik ere badagoela esan daiteke.Bere irudia erabili da, hain juxtu, martxantera guztiak gogoan izan eta hurrengo belaunaldiei herriko historia gogorarazteko. Ahaztu ez dezaten. Bere argazki batetik abiatuta metakrilato panelean egindako margolana jarri da salmenta postua izan ohi zuen lekuan. Tolosako Arantza Orbegozoren lana, Kuttunak-Entrañables proiektuaren baitan. 

 

Bonik 60 urtetik gora eman zituen bertan saltzen. Egunero-egunero, etxetik atera, gurdi antzeko batean zeraman mahaia bere lekuan jarri, zabaldu, gozokiz bete eta 12 ordu ematen zituen lanean dena jaso eta gurdiarekin etxera bueltatzen zen arte. Udazken bukaera aldera, hotzaren etorrerarekin, gaztainak erretzen hasten zen bere postutxoan. Gogoan ditut bai gozokiak eta baita gaztainak ere. Gurasoei dirua eskatu eta eskuan neramatzan pezetekin zer erosi  erabakitzea ez zen batere erraza. 

 

Martxantera lanak ez dauka osperik gizarte hontan. Horregatik, hain zuzen ere, da hain garrantzitsua aitortza hau egitea. Pandemiari esker argi ikusi dugu badaudela beharrezkoak diren, baina oharkabean pasatzen diren ogibide eta pertsonak. Ez dakit martxanterak beharrezkoak diren martxanterak, baina argi daukadana da, bere funtzioa betetzen zutela eta jende arrunta eta langilea ordezkatzen dutela. Bizimodu gogorrak, lanbide neketsuak, lau sosen truke ordu luzeak eskatzen dituztenak. 

 

Ondo pentsatua gizartearen gehiengoak antza handiagoa du martxanterekin eta ez hainbeste normalean omentzen direnekin. Batak ez du bestea kentzen, noski. Baina, lantzean behin inork inoiz ezer aitortu ez dien horiekin akordatzea ezinbestekoa da gizartea bera aldatu nahi badugu.