Ongizate estatua aspaldi dago krisian eta etxerik gabekoen egoera, horren isla da

Erabiltzailearen aurpegia Naia Gomez 2014ko mar. 25a, 13:39

Egin beharreko lana bi eremutan jorratu beharko litzatekeela uste dut: alde batetik prebentzioan, gizarte bazterketaren prebentzioan, alegia. Eta beste alde batetik dagoeneko egoera horretan daudenen alde, tresnak, baliabideak eta politika inklusiboak sortzen.

Etxerik gabekoen arazoa kalean bizitzetik haratago doa, baldintza horietan bizitzeak hainbat ondorio latz dakartzalako beregain. Azken urteotan, giza bazterketa zentzu eta modu desberdinetan eman da eta atzerritarren egoera horren adibide argia da. Identifikazio masiboez gain, kriminalizazio egoerak ere jasan behar izaten dituzte. Bestetik ez dago ahazterik, honek distortsionatu egiten duela beraien irudia.

Profil ezberdinetaz eta egoera desberdinetan dauden pertsonen bizimoduaz ari garela,  ezin ahaz daiteke arazoa errotik bertatik konpondu beharra dagoela. Egungo zerbitzuen sarea ez da nahikoa modu inklusiboan lan egiteko. Hauetako pertsona askok arazo psikosozialak ere badiztute eta horretarako irtenbideak eta baliabide egokiak bilatu eta martxan jarri behar dira.

Politika publikoak izan behar dira egoera larri honi amaiera eman behar diotenak. Elkarteek egindako lana ezinbestekoa bada ere, ez da nahikoa; izan ere, kontu jakina da baliabideak  gero eta murritzagoak direla. Argi dago modu inklusibo integral baten ildotik lanean jardutea guztion erantzukizuna den arren, konpetentzia erakundeena dela.