Data asko maite genituen gure egutegian, baina Bilboko Konpartsetarako jotzea biziki maite genuen. Kamiseta guztiak janzten genituen han goian; Eguzkizaleak, Txori, HauPi, Altxaporrue, Txinbotarrak… nahi beste lagun igotzen ziren taula gainera eta han ibiltzen ginen, euripean zein sargori jasan ezinean, gu ere etxekoak, gu ere konpartsakide.
Lagunen arteko topalekua izaten zen hura, egunak harrapatzen gintuen beti, tragoa eskuan, noski. Eta han izaten ziren Kaskagorriko gaztetxoak nire ahotsa testatzen Bilbiko bidea hartu behar ote nuen, ala ez, beraiekin batera erabakitzen. Barre itzelak egiten genituen Arriaga atzekaldean eta egia esan, Kaskako taula altu horri begira jarri eta etxerako bidea hartu nuen behin baino gehiagotan… Inoiz Bilbotik exiliatu nintzen ere… Eta mota guztietako sprayak erosi izan nituen nire ahots urratua leuntzeko, baina iganderako guztiz apurtua amaitzen zuen. Eta han zegoen koxka, hain zuzen.
Goizetik izaten ziren igande haietako soinu frogak, bai ala bai, bero jasan gaitzan, leher eginda, damu eta kexa artean eta Ikoitz eta Xabat gu itxaroten, irrifartsu, Kamiseta eskuan eta patxarana kamaran hotzitzen. Lagunen bat topatzen genuen pasakallesean inoiz Alde Zaharretik eta gurekin igotzen zen, gaita, alboka edo nahi zuena jotzera, denon antzera; baldar eta begi-zuloekin baina umore onez, guri bost, Amaiur estiloan, ondo pasatuko genuen igual-igual.
Eta horrela, urtero legez, errepikatzen nituen igande haiek, arauak apurtuz, ezin baitzen gune desberdinetan urte berdinean jo, ezta urtero Kaskan jo ere… Kantuen melodiak ahots zatar hartara egokituz, indarrak ez zeuden tokitik ateraz, patxaran fresko batzuk hartuz eta de la hostia pasatzen azken arratsalde hartan, denok dantzan eta arro, Bilboko Gazte Mugimendu geldi ezina, aurrez-aurre, gurekin bat eginez ikustean.