Jai herrikoien atzean dagoen lan ikusezina

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Cubillo Urkizu 2017ko mar. 9a, 09:28

Argazkia: facebook.com/deustukoetxetxoa

Egun, 14 kide gara Deustuko Jai Batzordea osatzen dugunok, irailetik ekainera arte, ia ostiralero Gazte Lokaleko Txoridendan bildu eta Neguko Solstiziotik hasita, Udako Solstizioa amaitu arte buru-belarri lan eta lan gabiltzanak. Gutako bakoitzak, Deustuko talde zein konpartsa bat ordezkatzen du, eta nahiz eta Jai Batzordeak hartu behar dituen erabaki asko 14on artean erabaki, asko izan dira taldeek ere hartutako hautuak. 

Urteko hirugarren hilean sartu gara dagoeneko eta astebete baino ez da falta Deustuko jaiak hasteko. Egia esan, tentsio handiko bilerak izaten ari dira ostiraletakoak, baita ordu askotakoak ere. Aurten nahiko berandu ibili gara gauza guztiak lotzerako orduan, helburu eta asmo asko buruan, eta hori dena praktikan jartzeko zailtasun ugari ere. Hala ere, umeentzako programa indartu dugu, oztopo eta eztabaida guztien gainetik Done Petrin txosna jartzea lortu dugu eta antzinako ohitura batzuk berreskuratu ditugu, bildots jana eta ZEN jaialdia adibidez. Beraz momentuz, arazorik ez.

Igande gauean, kartel orokorraren zabalpena egin genuen, eta astelehen gauean berriz, kontzertuena. Bi egun pasa dira eta ordutik, horien inguruko kritikak zein mespretxuak baino ez ditut entzun. "Kontzertuak... apur bat flojito aurten ezta?", "ez zaizue aurtengo kartela oso sinplea iruditzen?". Herri askotan, zorionez (edo zoritxarrez) Udalak laguntza bermatzen die bertako Jai Batzordeei, bai fisikoki bai ekonomikoki ere. Horri esker, edozein kontzertu eta ekintza antolatzeko gaitasuna izaten dute, baita diru etekinak are handiagoak ateratzeko ere.

Deustuko egoera berriz ezberdina da, guk ez dugu Udalaren eskutik diru-laguntzarik jasotzen, etekinaren zatirik handiena taldeei zein konpartsei esker lortzen dugu, eta antolatutako ekintza guzti-guztiak Jai Batzordeko kideek telefonoz lotutako ekintzak dira. Honek gure jai eredu propioa izateko aukera aparta ematen digu, protokoloak gure erara egiteko, jaiek kutsu euskaldun, parekide zein herrikoia izateko...

Eta jaien prestaketak erraza dirudien arren, asko izan dira egin gabe utzi behar izan ditugun jarduerak, bidean aurkitu ditugun traba zein oztopoengatik. Baina honek, niri behintzat, lan egiten jarraitzeko gogoa pizten dit. Egunen baten, Udalaren menpe egoteari utziko diogulakoan nago, denon gustuko jaiak ospatzen zein ekintzak antolatzen.