Bada, jaiak amaitu eta ebaluaketa egiteko ordua iritsi zaigu Jai Batzordeko kideoi, baita batzordea osatzen duten talde zein konpartsei ere, noski! Orokorrean pozik gaude jendearen erantzunarekin, deustuarron parte-hartzea ere zoriontzekoa izan da, antolatutako ekintza guzti-guztiak jendez lepo egon baitira. Gure aurtengo helburuetariko bat, plazan txosna jartzeaz gain, egunari gauari baino garrantzia handiagoa ematea izan da, baita adin guztietako jendearengana heltzea, antolatutako ekintzen bitartez.
Eta hala izan da, pilota partiduak inoiz baino ikusle gehiago izan zituen, Irrien Lagunek gure txikien larunbateko arratsaldea alaitu zuten, igandean bildotsa jatera adin guztietako jendea hurbildu zen, eta azken igande goizean DJ Xaiborri esker eta arratsaldean Aldats elektrotxarangari esker, urte askoren buruan sofan etzanda egoteko eguna disfrutatzeko eguna bihurtzea lortu genuen.
Baina dena ez da espero genuen bezain ondo atera, ekintzaren bat lekuz aldatu behar izan dugu, eta antolatutako guztia aurrera ateratzea lortu arren, asko izan dira izan ditugun trabak edo ezbeharrak, eta ondorioz, izandako eztabaidak ere. Baina jaietan zehar eman diren ezbehar hauei esker, konturatu naiz gaitasun handia daukagula trabei konponbidea bilatzeko. Eta ez dudanez eskerrak eman gabe idatzi hau amaitu nahi, nire eskerrik beroenak luzatu nahi dizkizuet bereziki zuei, Jai Batzordearekin bat egin ez arren beste era batera ere parte hartzera animatzen zaretenoi!
Lehenik eta behin, eskerrik asko txirrindulari elkarteari bidegorri alternatiboak egitera behartzeagatik, eskerrik asko juergalari errebeldeei karpako sarrera handia bazen ere, ate 'txiki' bat egiteagatik, eskerrik asko benetan, asteazken, ostegun goiz eta arratsalde hesiak jartzera etorri ez zineten arren, ostiral zein larunbat gauean hesi berak mugitzera animatu eta biltegiko atean txiza egiten ibili zinetenoi, txandalariak alkohol eske oihukatzen eta iraintzen dituzuenoi, txosna ez ixteko eskatzen duzuen bitartean leihoetatik zintzilikatzen zaretenoi, karpan murala margotzeko gogoekin zatozenoi, txosnako paretetan esaldiren bat idazten ibiltzen zaretenoi...
Eskerrik asko ere behar-beharrezkoak ziren Ertzaintza kotxe zein furgonetak gure jai esparrura etortzera gonbidatu dituzuenoi, eskerrik asko nola ez, Done Petriko plazan jarritako egurrezko udaletxea oztopo ikusi eta Bilboko Udalean kexa jarri zuen horri eta amaitzeko, eskerrik asko euriari eta hodei grisei, txosnagune erdian dantzatu beharrean txosnetako leihopetan egotera behartzeagatik!
Hau idazten nabilen bitartean momentu batez barrea atera zait. Jaiak hasi bezain laster, gure jarrera edo behintzat nirea aldatu egiten da guztiz. Arazoak edonon ikusteko gaitasuna piztu egiten zaigu, eta era berean eztabaidatzeko gogoa bikoiztu. Nonbaiten mahai edo aulki bat falta denean munduaren amaiera datorrela dirudi, edo musika ekipoko mikrofono bat ez dabilenean, edo tomatea aurkitzen ez dugunean... Eta esan beharra dago, arazo asko Jai Batzordeko kideon artean konpondu arren, konpartsak, kuadrillak eta taldeak behar-beharrezkoak direla den-dena aurrera atera ahal izateko.
Beraz orain bai, eskerrik asko zuen lanagatik, eskerrik asko zuen gogoagatik eta eskerrik asko benetan honetan sinesteagatik, Berbaizu Euskara Elkartea, Matxingorri Gazte konpartsa, Pare Deustuko Talde Feminista, Arranopola, Gazte Alai, Txantxiku, Egunsentia, Bihotz Alai, Deustuko Gazte Lokala eta Deustuko kuadrillak, eta zuei ere esker mila ekipo! Urtzi, Leire, Laura, Jone, Manu, Ieltxu, Monti, Martin, Jabi, Libe, Ane, Bego eta Ainhoa.