Juan Marik etxe garesti eta modernoak nahi ditu, lehengai garestiekin egindako etxeak, argitsuak, leiho zein pertsianekin, igogailua, berogailu eta aire girotuarekin. Ba, jakin ezazu Juan Mari, guk ez dugula gure etxean berogailurik behar, gure adreiluzko teilatua gustuko dugu, gure koloretako paretak ere ikaragarri gustatzen zaizkigu, gure leiho ilunak maite ditugu. Eta badakizu zer Juan Mari? Hotz dagoenean guk nahikoa dugu bata bestearengana hurbiltzearekin!
Juan Mari, hau da gure eskolarik onena, gure eskolarik zaharrena, ikasleak irakasle bihurtzen dituena, eta irakasleak ikasle. Baina zuk, guzti honen gainetik, autogestionatzen, lan egiten, harremantzen, hausnartzen eta eztabaidatzen erakutsi digun etxea bota nahi diguzu Juan Mari. Etxeak egiteko Juan Mari. Etxe horiek huts uzteko Juan Mari.
2017ko abuztuaren 9an Berria egunkariak argitaratutako datuen arabera, 128.000 etxe huts daude Hego Euskal Herrian. Elkartzenek egindako azterketa baten arabera, 2008an 1.108 etxe huts zeuden Bilboko lehenengo barrutian, hau da, gure barrutian Juan Mari. Baina hala ere zuk kanpoan utzi nahi gaituzu, etxerik gabe Juan Mari.
Liburutegia ere badaukagu, Juan Mari, eta zinema, baita zure ustez bizikideak izorratzen dituen eszenatoki txikitxo bat ere. Txikitxoa, BBK Liveko eszenatokiarekin alderatuta noski. Kontua da zuk ordaindutako eszenatoki horrek ez duela izorratzen, Kobetamendi inguruetan bizi diren auzokideek ez dutela ezer esaten, edota baliteke zuk haiei hitza kendu izana.
Goazen aurrera. Juan Marik ez du bizi eredu alternatiborik zein autogestionaturik gustuko, ez du gure tallerrez ezer jakin nahi, ezta gure hitzaldiez ere. Orokorrean, Juan Mari, ez gaituzu mugimenduan eduki nahi, ez gu, ez duela hilabete batzuk etxerik gabe utzi zenituen Etxarri gaztetxeko eta Izarbeltz ateneoko lagunak ere.
Kontuan hartu Juan Mari, gure etxea defendatuko dugula, etxe honek maite duguna defendatzen erakutsi digulako. Prest gaude, kalera atera gara, auzokideekin hitz egin dugu, tabernariekin, saltzaileekin, ume zein gurasoekin, aitite eta amamekin, Deustuko hainbat eragileekin. 26 urte luze hauetan gure etxe inguruan ibili den jendearekin ere harremanetan jarri gara… Jakin ere, munduko alde askotatik ere elkartasun keinuak jaso ditugula.
Amaitzeko Juan Mari, jakin 26 urte direla Deustuko gazteok etxe hau gureganatu genuenetik. Orain zuk eta zure kideek etxetik bota nahi gaituzue, eta zuen eraikin berriko behe solairuetan utzi, non ez dagoen argirik, arratoien moduan. Baina gu ez gara arratoiak Juan Mari, gu txoriak gara, kaiolak zabaltzen, alternatibak eraikitzen eta autogestionatzen jarraituko duten txoriak!
Defenda dezagun gurea dena, defenda dezagun Deustuko Gazte Lokala!