Goizalde hartan etxea utzi zuenetik, Jonanek, zerbaitek huts egingo zuela ba omen zekien. Donibanera ez zela iritsiko esan zion egun horretan bidaia lagun zuen Jon Ander Larreategiri. Mugara heldu, kotxea utzi, eta seikotearen zain zeuden bi mugalariekin batera, helmugara iristeko zeharkatu beharreko mendia igotzeari ekin zioten. Bidean, ilaran lehena Jonan zen, dokumentuz beteriko maleta eskuan zeramala. Bera izan zen urrunean bi guardia zibil ikusten lehena, eta besteei keinua egin bezain laster, seikotea maldan behera korrikan hasi zen. Ordurako, errepidea guardia zibilez osatutako jeep-ez beteta zegoen. Errepidera heltzean taldea bitan banatu zen. Jonan nora joan jakin gabe, errepidean geldirik geratu zen. Larreategik korrika egiten zuen bitartean une batez atzera begiratu zuenean, bertan ikusi zuen Iharra, tiroz jota. Gaur egun Deustuko frontoia, Iharra frontoia da bere omenez.
Jose Maria Prietok (Pese) ez zituen Jonanek hil aurretik zituen susmo berberak. Izan ere, bera ezustekoan harrapatu zuen heriotzak. 29 urte zituela, Jose Maria, 1984ko martxoaren 31n hil zen autoan zeraman lehergailuak eztanda egin eta sei egun geroago, eztandak sortu zizkion zauri larrien ondorioz.
Berarekin zihoan kidea, Jose Maria Orbezua izenekoa, unean bertan hil zen, baina Pesek poliziez jositako gela batean eman zituen bere azken egunak. Eztanda astelehenean izan arren, larunbatera arte Txarori, bere bikoteari, ez zioten bera ikusteko baimenik eman, hortik aurrera birritan ikusteko aukera izan zuen. Familiak berriz ez zuen bera ikusteko modurik eduki. Ospitalean eman zituen egunetan, Jose Maria oso larri zegoen, istripuan, begi bat eta hainbat hatz galdu zituen, hanka bat txikituta zeukan eta horrez gain, aurpegia erreta, eta arnasa hartzea kosta egiten zitzaion. Hala eta guztiz ere, eztandan berarekin zegoen kidearengatik galdetzen zuen uneoro. Ez zuen momentu batean ere konortea galdu.
Asteazken honetan 26 urte beteko dira Javier Goitia Elordi (Kabi) hil egin zenetik. 1991ko urriaren 25ean, eskuetan zuen lehergailuak bularrean eztanda egin zion eta ondorioz, hil egin zen 29 urte zituela. Heriotzak ezustekoan harrapatu zuen. Eztanda, San Inazio auzoan bere bikotearekin alokatuta zuen etxe baten gertatu zen, gaueko hamabiak aldera. Egun horretan, Oscar izeneko kide bat ere zauritu zen; momentuan atxilotu zuten. Bere bikoteak, berriz, alde egitea lortu zuen.
Iharra, bere familia deustuarra zen, Olentzeroren kalejiran urtero urtero danbolina jotzera ateratzen zen. Pesek, Tintigorri konpartsa sortu eta aurrera eramateaz gain, mendi taldea ere sortu zuen. Lagunekin Deustu eta Arangoiti inguruetako mendietan gora eta behera ibiltzen zen. Kabi berriz, Deustura bizitzera etorritako lekeitiarra zen, ikasketak alde batera utzi eta buru-belarri sartu zen AEKn. Arangoitin hasi ostean, Matxintxuko Pedagogia arduradun bihurtu eta bertan eman zuen denbora gehien.