Gaur egun, gurekin espekulatu dutelako egin gara ezagun, ezagun etxe berri, moderno eta garestietan bizi nahi duten familientzat, 10 urte barru bizi kalitatea hobetu nahi duten horientzat, gure eraikinak eraitsi nahi dituen Udal zein enpresa eraikitzaileentzat.
Espaloiaren metro horretan bizitza egiten dute nik bezala Erriberan bizi diren ia beste 600 biztanlek. Ohitura handia dago arratsaldero tabernetara jaitsi eta espaloian poteatzeko, edota petrilean zein edozein portaletako atarian esertzeko, parkera joan ezean ez baituzu beste inon ipurdia jartzeko bankurik topatuko. Solastu egiten gara, Bilbotik datozen korrikalariak, errepidea baino espaloia nahiago, gure hanken artetik igarotzen diren bitartean.
Deustuko parketik hasita udaletxeraino dagoen itsasadarreko baranda baino ez dut adibide moduan jarri behar konturatzeko zein maitatua izan den gaur egunera arte Erribera. Orain, petrilean esertzera oso ohituta gauden arren, non egon da urte guzti hauetan uretara ez erortzeko edota 'babesteko' baranda? Edo non egon da urte guzti hauetan faltan izan dugun espaloiaren beste metro erdia? Eta bizikleta karrila? Non dago gure etxeetara joateko sarbidea?
Ezaguna egin da gure herritxoa igandero bigarren eskuko merkatura hurbiltzen diren 'hipsterrentzat' ere, baita ostiralero guk hain maitatua dugun Mao Mao Beach diskotekara hurbiltzen diren gazteentzat. Guk diskoteka hori maite dugun beste maite dituzte haiek gure etxeetako atariak, baita gure kotxeetako atzerako ispiluak. Gogoratzen hasieran aipatutako espaloi metro zabalera hori? Igandetan metro erdiko espaloia izatera igarotzen da, ohitura polita baitaukate merkatuzaleek kotxea gure herriko espaloi zati bakarraren erdian uzteko.
“Zorrozaurre será una isla en verano” esaldipean hasi genuen Erriberako biztanleok asteazkena. Erribera irla bihurtzen dutenerako, lantegi zaharrak eraikin berriengatik ordezkatzen dituztenerako, eta espaloiak bi metroko zabalera izatera igarotzen direnerako, gu ez gara jadanik bertan biziko, laster gure etxeetatik botako gaituztelako. Deustutik etxera joateko, hiru urte daramatzate errriberatarrek lauzpabost zebrabide luze, momentuz urik azpian ez duen zubi bat, eta obretako hainbat barandaz osatutako bide estu bat igarotzen, haienak diren etxeetara heltzeko. Hau al da zuen proiektua? Hasieran ere argi utzi genuen arren, eta borrokatu egin arren, zuentzako ere herritar ezezagun zein baztertuak izaten darraigu.
2017ko azaroaren 8an izendatu zuten Bilbo 2018 urteko Europako Hirik Onena, guk bitartean Erriberan argi korronterik gabe igaro genuen eguna. Besterik gabe, guk argi daukagu, ez Zorrotzaurre ez Botikazar, Erribera beti bizirik!