Azken urte t'erdi honetan askatasunean bizitako momentu guztiak burura ekartzen saiatu naiz, hilabetez hilabete, guztira 18, egunez egun, guztira 540. Zer deritzozue? Bada, jakin ez naizela gai izan, ez baitut egun bat ere berdin bizi izan. Baina bihotzean eta buruan iltzatuta geratu zaizkidan momentuen laburpentxo bat egitea lortu dut behintzat, hortxe doa:
Bizi izan ditudan azken 540 egun hauetan, gutxi gorabehera unibertsitatean 20 azterketa egin ditut, karrera erdia egin dut dagoeneko, udalekuetan egon naiz, bost lan ezberdinetan ere ibili naiz, lagunekin 200 pote behintzat baino gehiago hartu ditut. Bikotearekin oporretaz gozatzeko aukera ere izan dut. Ehun bileretan behintzat parte hartu dut, eztabaidatu egin dut, azken bi urteetako nire herriko jaiak ere antolatu ditut, 15 bat kontzertu entzun eta ikusi ditut. Herri askotako jaietan egon naiz, beste hiri eta herri asko bisitatu ditut, noizean behin mendira ere joan naiz... Euria egin izan duenean busti egin izan naiz, bero nintzenean hondartzari ere bisitatxoa egin diot.
Besarkada eta musu pilo-pilo bat eman dizkiot lagun eta familia kide askori. Sarri askotan ahizpak laguntza eskatu didanean lagundu ahal izan dut, amama eta aitite gaixorik egon direnean beraiekin egoteko aukera ere izan dut.
540 egun horietatik behintzat 500 gauetan nire ohean egin dut lo, etxeko janaria jateko aukera izan dut, baita amama eta aititeren etxekoa ere. Azken 18 hilabete hauetan, familiarekin bi Gabon zahar ospatu ditut, nire urtebetetze bat, eta lagunen beste hainbat. Nahi beste dei egin ditut inor gainean izan gabe, nahi beste korrika egin dut. Egia esan liskar gutxi izan ditut, eta ez dut zigorrik ezta mehatxu larririk jaso.
Nire herria erasotu izan dutenean aldarrikapenetan parte hartzeko aukera ere izan dut, Deustuko Gazte Lokala kalean defendatu dut, Kataluniari ere babesa helarazi diot. Dispertsioaren aurkako urtarrileko manifestazioan birritan egon naiz azken 540 egun hauetan.
Berririk ez, gazte baten bizitza xelebre bat daramadala esango nuke, kontua da Adurrek, Jokinek eta Oihanek aspaldi ez daukatela urte t'erdi honetan nik bizi izandako momentu horietaz gozatzeko aukera bat ere, izan ere, 518 egun daramate preso. Gaur Adur, Jokin eta Oihan, eguneroko ordu berean ohetik altxatu, eta gurasoen musu edota besarkadarik jaso gabe, gosaldu eta beste 517 egunetan bizitako bizitza berdina egitera kondenatu ditu Espainiar estatuak, etxetik 500 kilometro baino gehiagora, jarraipen bereziko barneratuen fitxategian (FIES). Erregimen honen baitan, komunikazio guztiak kontrolatuta dituzte, idazten eta jasotzen dituzten gutun guztiak fotokopiatzen dizkiete, liburuak eta aldizkariak debekatu eta bisita asko mugatuta dituzte.
Lana dela eta, Iruñera, Adur, Oihan, Jokin eta beste auziperatuei elkartasuna erakustera joan gabe geratu den gutxiengo horietakoa izan naiz oraingoan, baina jakin herri oso bat daukazuela zain etxean, asko maite zaituztena eta zuekin izugarri bat egiten duena!
Maite zaituztegu! Aupa zuek!