Ostegunak bereziak ziren, asteburua hurbil, arratsaldea libre… ikastolako jantokiko janaria ere berezia zen ostegunetan, kroketak, enpanadillak, san jakoboak… DBHn antzeko zeozer gertatzen zitzaidan, ostegunetan plastika eta frantsesa irakasgaien txanda zen, beste asteko egunetan berriz historia, matematika edota gaztelania, alde handia beraz. Ostegun gauetan telebistan eman dituzten saioak, etxekoentzako gogokoenak izan dira betidanik.
Orain ere, osteguna heltzen denean aurpegia aldatu egiten zait, iratzargailuak jotzen duenean umore onez itzaltzen dut, janzten dudan arropa koloretsuagoa da. Eguneroko gosaria goxoagoa iruditzen zait, edo baliteke maitasun handiagoarekin prestatzea.
Unibertsitateak bermatu didan gauza garrantzitsuenetariko bat da niretzako asteko laugarren eguna. Klasera joan, asteburuan egin nahi ez ditudan lanak aurreratu, bileraren bat... eta bestela arratsalde pasa egin ohi dut gogoko ditudan pertsonekin. Kontua da, eguneko ordu batetik aurrera, osteguna aldatu egiten dela. Logelako pertsiana jaitsita utzi, ezpainetakoa hartu, poltsa prestatu eta momentu horretan hasten da nire ostegunaren bigarren zatia. Herrikora heltzen naizenean terraza jendez lepo ikusteak harrotu egiten nau. Konturatzen zara egunero ikusten duzun jendearen umorea ere aldatu egin dela. Nagorek Bilbon itxaroten gaituen bitartean, Amaiak saltoka eta irribarretsu agurtzen zaitu, Jonek poltsan daramazunagatik zirikatzen zaitu, Ainhoak alkandora dotorea jantzi du, Maialenek ezpainak margotu ditu, Izasek, Laurak eta Begok jadanik badute kaña eskuan. Elkarrekin eseri eta gauean zer ordutan etxera helduko garen estimatzen hasten gara, batzuetan bakoitzaren ligatzeko edo juerga egiteko gogoaren arabera estimazio hori aldatu egiten da. Zure lagunek dituzten 'adiskideen' artean, horietako zenbat dira ostegunen batean ezagututakoak?
Denborak aurrera egin ahala ostegunetako ohiturak ere aldatu egin ditugu, kalimotxoa alde batera utzi eta kaña edo ardo zuria edaten hasi gara, azken metroa hartzearen ideia guztiz baztertuta utzi dugu, Herrikotik gaueko ordu txikietan irten eta jarraian Kafe Antzokira joan ohi gara orain. Amak afaria noiz hartzen dugun galdetu ohi dit, ez dago afaririk, afaldu denbora galdu da gure ostegunetako leloa. Ostegunik onena da zure lagunen planak eta zureak bat egiten dutenean, ostiralean klaserik ez, eta parrandarako gogoa ehuneko ehunean.
2016ko irailaren 15ean egin nuen nik Kazetaritzako ikasle bezala nire lehen parranda Kafe Antzokian. Lagunekin aldez aurretik parrandan joateko eta bueltatzeko plana osorik egin arren, esango nuke bakoitzak konpainia berria topatu zuela etxera buelta egiteko. Horren sinple definituko nuke nik nire lehenengo ikasle ostegun hori, parranda hasi eta plana guztiz onera aldatzen zaizun horietakoa.
Gero, badira ostegun ostegunero gertatzen zaizkigun kontuak, edaria eskatu berri dugula lurrera erortzea, eskaileretan gora edo behera estropezu egitea, purpurinaz beteta amaitzea, DJri abestiren bat eskatzen ordubete ematea...
Baina maiatza heldu da eta berarekin batera heldu dira azterketak ere. Kostatu zaigun arren, denbora baterako agur esan behar izan diogu ostegunetan farra botatzeko gogoari, Herrikora joatearekin bakarrik konformatu beharko gara behintzat ekainaren hasierara arte. Antzokia hustu eta liburutegiak betetzeko garai hori heldu zaigu ikasle gehienoi. Hilabete barru berriro tabernetan gerria mugitzen elkar ikusiko dugun arren, liburutegitik besarkada handi bat bidali nahi dizuet asteburuak baino, ostegunak nahiago dituzuenoi, baita Gipuzkoako eta Arabako hainbat herrietatik etorri eta Bilboko ostegunetako zale bihurtu zaretenoi!
Ekainera arte!