Ametsak proiektu bihurtuz

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Cubillo Urkizu 2019ko mar. 11a, 09:20

Ohikoa bihurtu da gaur egungo gazteen artean ikasketak amaitu eta ikasitakoarekin zerikusirik ez duen lanetan ibili behar izatea, ezer erakargarriagorik aurkitu gabe. Ostera, lanean egunak gustura eta gogotsu ematen dituen gazte multzo txiki bat ere badago. Ieltxu Gimenez (Deustu, 1995) lanera pozik doan gazte horietako bat dela esan daiteke, luzaro amesturiko grabaketa estudioa ireki berri baitu.

Zazpi urte baino ez zituela hasi zen Ieltxu Bilboko Musika Eskolan ikasten. Gaur egun bertan jarraitzen du, eta erromeria talde bateko bateria-jotzailea eta soinu teknikaria ere bada. Musikazale amorratua izanik, bertatik bizi eta lan egin nahi du, behintzat denbora tarte luze batean.

Joan den urrian eman zuen gazte deustuarrak bere grabaketa eta produkzio estudioaren berri, eta ongi etorri beroa jaso zuen Deustuko eta beste hainbat tokiko musikari eta lagunen aldetik. Phase Estudioa delakoa, lan eta esfortzu handiaren osteko saria dela aitortu digu. Bi urte luze eman ditu espazio hau eraikitzen, lagun eta senideen laguntzarekin. Goitik behera autogestionatutako proiektua da, izan ere, berak diseinatu eta eraiki baititu estudio honetako pareta, lur eta hutsune guztiak.

Duela lau urte inguru Soinu Gradua amaitu eta hainbat enpresatan freelancegisara hasi zen lanean. Orduan erabaki zuen bere proiektu propioa eraiki nahi zuela, 20 urte baino ez zituenean. Familia eta lagunen babesarekin ekin zion bide horri. 

Gaur egun, espazio honetan hainbat lan egin daitezke. Hala nola, preprodukzio, produkzio eta grabaketa, nahasketa edo masterra, musika taldeen entseguak egiteko eta grabatzeko aukera, zuzeneko bideoak, lokuzioak, bateria klaseak eta beste hainbat aukera daude.

Phase Estudioarekin ikasten eta musikari bezala hezten jarraitu nahi du deustuarrak. Estudio propioa izateak ematen duen askatasun guztia bide, proiektu berriak sortzeko eta hauekin jolasteko aukera ematen diola azaldu digu. Ieltxuk hasieratik izan du argi musikarekiko zaletasuna, eta horretaz bizitzea erabaki zuenetik ez du amore eman. Phase estudioa da, horren adibide argienetarikoa.

Bien bitartean, gogotsu dago tokiko musika taldeak grabatzen hasteko, beste talde batzuk ezagutzen asko ikasten dela uste baitu. Horrekin batera,  edozein musika-proiekturen sorreran laguntza edo aholkuak behar izatekotan berarekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatu die Deustuko eta inguruko musikazaleei. Kontaktua: phaseestudioa@gmail.com; phaseestudioa