Domino fitxen antzera, bata bestearen atzetik erori dira azken hiru hilabeteetan ospatzekoak ziren Bilboko auzoetako jai guztiak, baita Aste Nagusia eta Euskal Herriko hainbat txokotako azokak ere. Dena berregituratzeko beharrez, Bilboko auzoetako jai batzordeek luze daramate lanean data egokien bila, baina Deustuko Jai Batzordearen arabera Udalaren eta instituzioen jarrera dela-eta, zaila izango da uda osteko egunetan zerbait antolatzea.
Auzoetako jai batzordeak bezala, hornitzaileen sektorea ere kaltetua izan da jaien beherakadarekin, askok urteko fakturazioaren erdia baino gehiago ekitaldi hauei esker eskuratzen baitute. Nola dihardute jaiak posible egiteko lan egiten duten hornitzaileek?
Bitxiak S.L. enpresak, adibidez, martxotik urrira bitartean Bizkaiko herrietara plastikozko edalontzi berrerabilgarriak eramaten ditu. Piroteknia eta jaietako zapiak ere bertan eskatzen dituzte herri eta auzo askok.
Jai ekitaldietako produktuak saltzera mugatzen da Bitxiak, hortaz, ospakizun bat ere ez egiteak kolokan utzi du bertako langileen egoera. Pepe jabearen arabera, aurreko urteko fakturazioaren %10a baino gutxiago fakturatu dute aurten.
BOGA Garagardoak kooperatibako Urtzi Ugalderen hitzetan, urtean fakturatzen duten %50a ostalaritzatik zein jai ekitaldietatik lortzen dute. “COVID-19aren ondorioz martxoa eta maiatza bitartean galera handiak izan ditugu, salmenta kanalen %80a konprometitua geratu da”, dio.
Udako jai guztiak bertan behera geratu direla-eta, hiruhileko hau funtsezkoa izango da kooperatibak nolako galera izango duen jakiteko: “Beste garagardo artisau batzuekin alderatuta, esparru horretan asko mugitzen den marka gara, beraz, ikusiko dugu nolakoa izango den gure egoera urte amaieran”.
Egoerari aurre egiteko asmoz, bestelako fakturazio bide batzuk asmatzen hasi direla argitu du Urtzik, batez ere online salmentan: “Soluzio digitala eta produktu berriak sartu ditugu gure webgunean eta horrekin batera fabrikarekin lotutako esperientzia ezberdinak ere indartu ditugu, bisita gidatuak, adibidez”.
Eta kulturgintzarekin zer?
Orokorrean auzoetako denda txikiek era batean edo bestean normaltasun berrira egokitzea lortu duten bitartean, antzoki eta kultur aretoetako emanaldiek eta kaleko kontzertuek alarma egoeran jarraitzen dute. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak kultur sektorearentzako dirulaguntzak jarri zituen martxan apirilean. Dirulaguntza horietatik kanpo geratu dira emanaldiak aurrera ateratzeko ezinbestekoak diren soinu- eta argi-teknikariak, makilatzaileak eta tramoiariak. Gehienak langile autonomoak dira eta “langabezia mugagabean murgilduta” dauden. “Erakundeen abandonua eta sektoreak pairatu duen langabezia igoera larriari aurre egiteko” Teknikariok ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien sindikatua sortu dute ekainean.
Laburbilduz, jaietako oinarrizko produktu bilakatu dira txosnak, kontzertuak, plastikozko edalontzi berrerabilgarriak edota zapiak eta piroteknia. COVID-19ak gure auzoetako jaiak bertan behera utzi dituen bezala, aurreikuspenek diote datorren urtera arte bestelako ekitaldirik ez dela antolatuko, auzoetako eragile eta elkarteen egoera ez ezik, hornitzaile askoren biziraupena kolokan utziz.
Deustuko Jai Batzordea txosnagunean jaiekin zer egin erabakitzen. 2020ko martxoak 11.