Nahia Garcia: “Geroz eta dantzari moldagarriagoak nahi dituzte”

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Cubillo Urkizu 2021ko api. 20a, 12:04

Sei urte zituenean murgildu zen Nahia Garcia Lorenzo dantzaren munduan. 

Zergatik joan zinen Madrilera?

Bilbon topatu ezin daitezken aukerak topatzeko asmoz etorri nintzen Madrilera.

Zer egiten duzu han?                

Dantza eskola batean egon nintzen hasieran eta orain lan sektorean sartzeko asmoa daukat. Bitartean teknika ahalik eta gehien leuntzen saiatzen ari naiz, hankak ahalik eta gehien igotzen, egun batetik bestera gehiago salto egiten… Geroz eta dantzari moldagarriagoak nahi dituzte.

Noiztik dantzatzen duzu?

Sei urterekin eskola batean hasi nintzen Bilbon eta 12 urterekin beste eskola diziplinatuago batera aldatu nintzen. Bertan ordu gehiago eman behar izan nituen, eta dantzaren mundua edo behintzat dantza klasikoaren errealitatearekin topo egin nuen.

Zer dantza mota egiten duzu?

Balletarekin hasi nintzen baina dantzaren mundua ere aldatzen ari da eta gaur egun dantzari klasikook beste dantza estilo batzuk dantzatzen ere jakin behar dugu, batez ere garaikideak. Madrilen dantza garaikidea, jazza, jazz musikala eta funky estiloak dantzatu ditut. 

Zein gustatzen zaizu gehien?

Klasikoa da nire gogokoena. Hasieran garaikidea ez zitzaidan batere gustatzen, baina urteen poderioz, klasikoa bezain beste gustatzen zaizkidan estilo garaikideak gaude. Era berean, asko gustatzen zait puntadun pieza neoklasikoak dantzatzea.

Maila fisiko handia eskatzen du?

Esfortzu fisiko handia eskatzen du, beti ematen dizu min zerbaitek. Buru-lan handia ere eskatzen du.

Zer prestaketa egiten duzu?

Egunero nire ballet klasea eta puntak egiten ditut. Horrez gain, gimnasiora joaten naiz eta etxean lan pertsonala egiten dut: malgutasuna landu, zuzenketak pentsatu, orekak…

Egunean zenbat ordu ematen dituzu horretan?

Orain libreago nabil. Lehen ordutegi finkoa nuen astelehenetik larunbatera. Bost ordu eta erdi inguru ematen nituen goizean eta arratsaldean gimnasiora joaten nintzen bi orduz edo eskoletara itzultzen nintzen bizpahiru orduz. Orain 7-8 ordu ematen ditut dantzan.

Nola bizi zara Madrilen?

Beste hiru pisukiderekin bizi naiz. Denok gabiltza artearen munduan eta hori asko gustatzen zait. Igande eta jaiegunetan denda batean lan egiten dut eta neskato bati ballet eskolak ematen dizkiot.

Zein da zure ametsa dantzaren munduan?

Lan duina duen dantza konpainia batean lan egitea, baina batez ere dantza egitea. Publikoa ondo sentiaraztea oso pozgarria da eta horregatik aritu nahi dut horretan.

Madrilen bizitzea gustatzen zaizu?

Uste nuena baino gehiago. Hemen denetarik dago. Janzterako orduan, adibidez, askoz ere libreago sentitzen naiz, kalean denetik aurkitu dezakezu eta asko gustatzen zait. Baina zerbait nabarmendu behar badut, ia egunero eguzkia ateratzen dela da, baita euria egiten duen egunetan ere.

Zer duzu faltan? 

Euskal Herriko izaera, ohiturak eta kultura. Askotan mendia ere faltan botatzen dut, ohikeriatik ateratzeko buelta bat ematera joan ahal izatea, alegia.