Auzoetako memoriaren gordeleku

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Cubillo Urkizu 2022ko ots. 9a, 17:00

(Argazkiak: Txema Luzuriaga, Txema Juanes eta Kepa Gallastegi)

Bere egitasmoa 50 bat urtez luzatuko zela pentsatu gabe hasi zen Txema Luzuriaga deustuarra auzoko argazki zaharrak biltzen. Deustuko Familia Elkarteak auzoko argazki zaharren erakusketa bat antolatu zuen Madariaga Etorbideko egoitzan duela bost hamarkada inguru eta erakusketa jasotzeko unea heldu zenean, parte hartzaileek lagatako irudien kopia bana egitea erabaki zuen, kajoi batean gordeta gera ez zitezen.

Egun hartatik gaur egunera arte 4000 argazki bildu ditu eta asko bere kabuz ateratakoak diren arren, beste asko jendeak emandakoak dira: “erakusketa antolatu zenean arte grafikoetan nenbilen lanean, argazkigintzan hain zuzen. Argazkiak jabeei itzultzeko momentua heldu zenean pentsatu nuen, eta zer gertatuko da orain argazki guzti hauekin? egun hartatik jende askok daki Deustuko Elizatearen argazki zaharrak zein berriak biltzen ditudala eta etxean halakoak topatzen dituztenean zuzenean ekartzen dizkidate, horren kopia egin eta artxibora gehitu ditzadan”.

Argazki bilduma luzea izateaz gain, Deustuko “kontu asko” biltzen dituen datu basea ere badu ordenagailuan gordeta: “edozein egunkaritan auzoarekin harremana duen zerbait agertzen denean, orrialdea moztu eta zuzenean digitalizatu egiten dut, gutxika gutxika osatzen ari naizen zerbait da. Hasieran ia ia txantxetan hasi nintzen lan honekin eta orain 50 urte beranduago, jende asko etortzen da nigana informazio eske”.

Bilboko Udalaren artxibategitik Gasteizko Sancho El Sabio fundazioraino, Bilboko Portuko agintaritzaren artxibotik pasatuta, Luzuriaga berak ere ate asko jo izan ditu egun duen artxiboa osatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, Txemak argi dauka argazki garrantzitsuenak herritarrek utzitakoak direla, “horietan ikusten baita benetan auzoa nolakoa zen garai hartan, bizitza ohiturak, giroa…”.

[Askok ikusiko zenuten gure orrialdeen artean ere tarte bat egiten diogula Txema Luzuriagaren lanari. Belaunaldi gazteagoei Deustuko elizatea hobeto ezagutzeko parada emateaz gain aukera polita da antzinako herrira bidaiatxo labur bat egiteko. Hala, Deustualdeko historia osatzen goazen bitartean, Txema Luzuriagaren lanaren bozgorailua bada PREST! aldizkaria.]

Argazki esanguratsuenekin bi liburu argitaratu ditu Luzuriagak. Lehen liburua 2000. urtean osatu zuen, Deustuko elizate zaharraren inguruko 200 bat argazkirekin. Lanaren azalak kolore gorria du auzoko armarriaren omenez eta irudi guztiak 1925. urtea baino lehenagokoak dira. 2005. urtean argitaratu zuen bigarren liburua eta anexioaren osteko 300 irudi biltzen dira bertan. Bilbok gauzatutako anexioari erreferentzia eginez, bigarren lanaren azalaren kolorea urdina da. Halaber honen artxiboko argazkietako batzuk ikusgai daude Deustuko Familien Elkartearen webgunean, digitalean.

Digitalizazioak ekarri duena

Luzuriagaz gain badira Deustualdeko beste gune batzuetan inurri lan honetan ibiltzen direnak. Argazkia eskuratu, eskaneatu, artxibatu eta kasuan kasu webgune batean eskegi. Horiek horrela auzokideek utzitako argazkiak digitalizatzeaz gain, Txema Juanesek eta Kepa Gallastegik San Inazio eta Ibarrekolandako irudi zaharrak ezagutzera emateko asmoarekin webgune bana kudeatzen dute. Txema Juanesek esate baterako Ibarrekolandatarrak.wordpress bloga kudeatzen du eta horrez gain ‘Ibarrekolanda, historia reciente de un barrio’ liburua argitaratu zuen 2006. urtean, auzoaren izena eta izana ezagutzera emateko helburuarekin. “Ibarrekolanda izenak gure artean jarrai dezala nahi dut liburu honekin, ea auzoaren izena Ibarrekolanda dela barneratzen dugun, eta ez Sarriko edo San Inazio” irakur daiteke hitzaurrean. Argazki zaharrez gain, hainbat datu ere topa daitezke Juanesen ikerketa liburuan. 

24 urte inguru zituenean beste sei lagunekin batera Ibarrekolanda Argazki Elkartea sortu zuen Juanesek. Bertan lehiaketak eta ibilbideak antolatzen zituzten auzoko kaleetan barrena eta ibilaldi horietan lortutako irudiak dira gaur egun bere artxibo nagusia. Luzuriagaren antzera honek ere auzokideek emandako argazki asko bildu ditu, horrela, gaur egun guztira soilik Ibarrekolandarekin harremana duten 100 argazki zahar zenba daitezke Juanesen artxiboan. Soilik aipatu auzoko irudiak sartzen dituen arren Deustualdeko beste hainbat argazki jaso ditu urte guzti hauen buruan, hala eta guztiz ere horiek Txema Luzuriagari ematen dizkiola adierazi du.

Azkenik, Kepa Gallastegik San Inazioko antzinako eta gaur egungo irudiak bildu ditu Tellaetxe.com blogean. San Inazioko kultur etxeko argazki laborategian ibili izanaren ondorioz auzoko argazki asko eskuratu zituen eta horiek denak digitalizatu eta sareratzea erabaki zuen denon eskura egoteko. Gallastegiren artxiboa handitzen joan zen webgunea zabaldu ondotik, honen arabera “auzokide askok webgunea ikusi eta irudi gehiago bidaltzera animatu baitziren”. Blogean besteak beste, 1978tik 2018ra arteko San Inazioko jaietako irudiak, Elorrietako irudi zaharrak eta inauterietako irudiak aurki daitezke.

Auzoetatik erakundeetara salto

Memoria grafikoaz ari garela, “auzoen historia hurbila berreraikitzea eta honetan sakontzea” xede, Bilboko Udalak Argazkineta egitasmoa martxan jarri zuen 2019. urtean. Ekimenak auzoetako bizilagunek utzitako dokumentazioa eta lekukotzak biltzen ditu auzoko kale ezberdinetan jarritako furgoneta batean eta handik eta aste batzuetara eskuratutako materiala pantaila baten bitartez ematen dute ezagutzera. Orotara 3 edizio egitea lortu du Argazkinetak, lehena Zorrotzan, bigarrena Elorrieta, San inazio eta Ibarrekolandan eta azkena Santutxun.Udalak emandako datuen arabera, San Inaziorekin harremana zuten 1800 argazki eta 100 dokumentu baino gehiago digitalizatzea lortu zuen Argazkinetak 2020an auzokideen lankidetzari esker. Irudi guzti hauen aurkezpena 2020ko abenduaren 17an egin zuten Loiolako San Inazioko elizan.

Bada hor bitxikeriaren bat

Urte guzti hauetan jasotako irudiei esker hirukoteak poltsikoa Deustualdeko istorioz beteta dutela esan daiteke. San Inazioko baserri guztiak ezagutzearen ondorioz Gallastegik auzoko kale asko baserri hauen omenez izendatuta daudela ulertu zuen. Juanesek berriz Ibarrekolandako familia askoren istorioak deskubritu ditu auzokideek emandako familia irudiei esker eta Luzuriagaren kasuan XX. hamarkadara arte Deustuko Elizaurrean kokatuta zeuden elementu askoren garrantzia ulertzera heldu da: “Ia bost hamarkada Deustuko elizatearen argazkiak biltzen egon ostean Deustuko elizaurreko elementuen beharra askoz hobeto ulertzen dut orain. Elizate guztietan historikoki eraikin konkretu batzuk nagusitzen ziren, Deustukoan bezala; Done Petri elizak erlijioaren boterea irudikatzen zuen, udaletxeak berriz botere politikoa. Frontoia kirol esparruaren lekuko izan da beti eta garai hartako taberna eta kioskoak aisialdiari tartea egiten zion. Ikusi beharko dugu nola geratzen den etorkizunean”.