Denak begira daudelaik

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Cubillo Urkizu

Larunbat goizeko mendi bueltaren ostean eseri gara (azkenean) bazkaltzera. Kanpoaldeko belardian lekua lortu dugu handik eta hemendik mahaiak eta aulkiak hartuta. Eskatutako janaria heldu bitartean, ondoko hiru haurrei begira jarri gara. Mahaiek libre utzitako belardi zatian eserita daude, panpinekin jolasean. Urrunago, beste ume kuadrilla bat dabil harri eta adarrekin entretenituta. Zein zoriontsu haurrak, eta zein gose gu.

Heldu da janaria: “Ogi xerra bat emango didazu?”, “oilaskoaren zein zati duzu gogokoen, izterra ala hegala?”. Bat-batean, futboleko pilota batek alboko paretaren kontra jo du indarrez, elkarri begiratu diogu eta hitzik ez da behar izan denok buruan genuena asmatzeko: akabo bakea.  

Atzeko belardia begiratu eta haurren ordez hiru mutiko ari dira futbolera jolasten, belardi osoa hartuta dute. Berririk ez. Eskolan antzera gertatzen zen. Gehienak jolastokiko iskinetan kanporatuta, hamar bat mutilek zelai erdian futbolera nola jolasten zuten ikusten genuen bitartean. Bilbon ospatu den UEFAko finala ez da ezberdina izan. Eskolako jolastokian gertatzen dena hirira eraman genezake; hiriak herritar guztientzat izan behar du, irisgarria, segurua, bizigarria, erosoa, interesgarria, eta, gainerako guztiak baldintzatzen dituen zerbait badago, argi izan dezagun ez dela bateragarria izango aniztasunarekin eta bizikidetzarekin.