Euskararekin bat

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Cubillo Urkizu 2025ko ira. 15a, 14:12

PREST! aldizkariak mende laurden darama hilero Deustualdeko gertakarien berri ematen. Euskaraz eta doan, ehunka etxeetara heltzen.

Euskararen normalizazioaren alde, 2001. urteko martxoan kaleratu zen lehen aldiz Berbaizu Euskara Elkartearen ekimenez, Hitzartu aldizkariari lekukoa hartuta. Tokiko informazioa emateko eta euskarazko irakurketa sustatzeko helburuekin sortu zen.

Horretan dihardu gaur egun ere, nahasmen informatibo eta aztoramendu sozial handiko garaiotan, eta euskararen aurkako oldarraldi bete-betean. Ez dira betiko garai onenak kazetaritzarentzat, ezta euskararentzat ere. Horregatik, ikasturte honetan PREST! aldizkariari ekarpena egiteko aukera izatea luxua izan da niretzat. Eta nola ez, luxua izango da ere, udako etenaldiaren ostean, irailean aldizkaria etxeko buzoian jasotzen jarraitzea.

Euskara larrialdian dago. Nork esango zigun 2025. urtean gure hizkuntzarekin zerikusia izan zezakeen ekimen oro luxu bilakatzeko bidean egongo zela? Mendeetan zehar jazarria, debekatua eta isildua izan delako dago euskara larrialdian, baina baita instituzioek era honetako herri ekimenak diru apurrekin hornitu dituztelako. Jakin Bilbo dela euskal hiztun gehien dituen Euskal Herriko hiriburua, eta euskararen ordenantzarik ez duen bakarra, nahiz eta aldarrikapena aspaldikoa den.