Aretora sartu orduko besaulki gehienak okupatuta daude. Kokapen ona gurea, 7. lerroan gaude. Ezkerraldean, gu baino ilara bat aurrerago, Atxaga bera dago. Bere atzean, Xabi Paya, Donostia 2016 kultur programako zuzendaria eta gure eskumaldean, Josune Ariztondo, Bizkaiko Kultura diputatua izandakoa. Palkoetan apenas dago jenderik.
Aurreiritzirik gabe goaz Lu eta Le ikustera, azken orduko plana izan da. Badakigu Atxagak Lourdes Iriondo eta Xabier Leteren munduari begiratzen diola eta Juan Carlos Perezek sortu duela musika. Besterik ez. Sarreran hartutako esku orrian irakurri dugu besteak beste, Ados Teatroak ekoiztutako lana dela eta Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza aktoreek eta Klara Mendizabal abeslariak parte hartzen dutela Garbi Losadaren zuzendaritzapean.
Argiak itzali dira eta aktoreen ahotsek atmosfera abstraktu batera eraman gaituzte. Estetika japoniar antzerki tradizionala ekartzen du gogora. Kontakizun poetikoa eskaintzen digu Atxagak Iriondo eta Leteren figuren inguruan osaturiko eszenekin. Hiru aktoreen arteko mugimendu koreografiatuen bitartez, bi protagonisten arteko harremanari buruz ari zaigu. Bizitzaren eta heriotzaren inguruko gogoeta bultzazen du, eta irrati batek garai horretako egoera politikoaren zertzeladak ematen ditu hainbat unetan. Atxagaren begiradapean beti.
Norberaren harridurarako, ez da bi protagonisten kantarik entzuten amaiera arte. Perkusioa da oinarri nagusia eta musikari bakarra -Jabi Alonso- ari da zuzenean hitzei oihartzuna ematen.
Konturatu orduko amaitu egin da antzezlana. Ordubete inguru iraun du, eta ez nuen aipatzeko asmorik, baina aitortuko dut: tarteren baten lokartu egin naiz. Erosoak dira Arriagako besaulki hauek. Egia esateko, nekatuta, oso nekatuta sartu naiz ikuskizunera. Baliteke horregatik izatea edo sartu aurretik hartutako garagardoagatik. Geroago jakin dut ez naizela bakarra izan, eta lasaiago joan naiz etxera.