Korrespontsal lanetan ibili zara urtetan, Euskadi Irratian plaza lortu duzu eta telebistan ikusten zaitugu astero. Arlo profesionalean ase zaude?
Bai, oso gustura nago. Irratian plaza izateak egonkortasuna ematen dit, horregatik borrokatu nuen hainbeste oposizioa gainditu arte. Plaza finko bat izateak nolabaiteko lotura sortzen du, eta beldur apur bat ematen zidan hasieran, baina aldatu nahi izanez gero aukerak badaude.
Bateragarriak dira irratia, telebista eta zure bizitza pertsonala?
Bai, iaz Ur Handitan saioa aurkeztea proposatu zidatenean aitatasun bajan nengoen. Orain murrizketa eskatu dut irratian, telebistan lan egin ahal izateko, eta biekin lanaldi osoa egiten dut. Bietan nabil gustura. Irratian inoiz irudien falta sumatzen dut, baina bestalde soilik hitzekin sortu dezakezuna oso potentea izan daiteke.
Santutxukoa zara eta Deustun bizi zara duela urte bete. Zerk ekarri zintuen hona?
Kasualitatea izan zen. Senarra eta biok pisu bila genbiltzan Amezola inguruan, eta azkenean hemen gure beharrak betetzen zituen etxea aurkitu genuen. Oso pozik gaude, jendearekin, giroarekin, salto baten jartzen gara Bilbo erdian, eta itzelezko parkea dugu umeekin egoteko.
Jerusalem, Madril eta Parisen bizi izan zara, eta hainbat gatazka gertutik bizi izan dituzu. Faltan duzu korrespontsal garaia?
Atzerria faltan dut. Bertako berriak entzuten ditudanean, hara itzultzeko gogoa pizten zait. Oso polita izan da, baina 12 urte korrespontsal lanetan ibili ondoren, konfort egoera batean murgildu nintzen, eta erronka berriak behar nituen. Zerbait menderatzeak mugatzen zaitu. Gauza berriak egiteak asko erakartzen nau. Ur handitan saioa zentzu horretan, erronka bat izan da.
Ur Handitan arrakasta handia izaten ari da. Pozik zaude emaitzarekin?
Mezu hori heltzen zaigu, bai. Jendeak gustura ikusten du saioa. Aurrekoan, adibidez, Bingen Zupiria Kultura sailburuarekin topo egin nuen EITBko pasabideetan, eta asko gustatzen zitzaiola esan zidan, eta poztekoa da. Audientziak ere garrantzia du, batezbestekotik gorago gaude eta hori pozgarria da. Audientzia ez doa beti produktuaren kalitatearekin, baina garrantzitsua da.
Jakin daiteke zein den sekretua?
Oso barnetik kontatutako istorioak dira. Lantaldearen eta protagonista denaren inplikazioa oso handia da, ez dira edozelako elkarrizketak, eta ikusleak hori estimatzen duela uste dut.
Zu ere biluztu izan zara inoiz?
Ez ditut mugak jartzen elkarrizketak egiterako orduan. Ez naiz ni bakarrik, ekipo osoa inplikatzen da, eta enpatia handia sortzen da elkarrizketatu eta taldearen artean. Behin baino gehiagotan ikusi dut kamera negar batean nik galderak egiten nituen bitartean. Beraien azalean jartzen saiatzen naiz, eta emozioak askatzen ditut.
Hunkituta ikusi zintugun haurdunaldi subrogatu bidez ama izandako neska bat elkarrizketatu zenuenean.
Barru-barrutik ukitu ninduen gaiak. Bera bizitzen ari zena nire senarra eta biok pasatu genuen hilabete batzuk lehenago.
Googlen zure izena sartzean hainbat berri ateratzen dira esperientzia horren inguruan. Beharra sentitu duzu horri buruz hitz egiteko?
Bai, gai hori eta familia anitzen kontuari ikusgarritasuna eman behar zaiola uste dut. Haurdunaldi subrogatuaren inguruko elkarrizketa bat egin nahi izan zidaten ETBn, baina ezetz esan nuen, ez nuen erabili nahi nik lan egiten dudan medio publikoa nire bizitza pertsonalarekin lotutako zerbait azaltzeko. Deia egunkarirako egin nuenean gizarte atalean berri txiki bat izango zela uste nuen, eta azalean agertu ginen. Sorpresa bat izan zen, baina ez ginen damutu.
Pertsona publikoa izateak ikusgarritasunari laguntzen dio?
Bai, ez naiz inor baino gehiago, baina aktibismo apur bat egiteko beharra sentitzen dut. Sarritan unibertsitateetatik deitzen didate hitzaldiak emateko, eta aurrekoan naturaltasunez atera zitzaidan senarrari buruz zerbait aipatzea. Gustatu zitzaidan, bateren bat harrituko zen oraindik ere, baina uste dut naturaltasunez hitz egiteak normaltasunerako bide horretan laguntzen duela.
Telebistan zure burua ikusten duzunean, zer sentitzen duzu?
Eroso egoten naiz, gustura, askotan sorpresak hartzen ditut. Gehienetan toki itxietan egiten ditugu elkarrizketak, egoera nolabait kontrolpean izaten dugu, baina aurrekoan adibidez Katalunian grabatzen egon ginenean kalera atera ginen jendearekin hitz egitera. Esperientzia gustatu zitzaidan eta ondo ikusi nuen nire burua.
Aske sentitzen zara lan egiten duzunean?
Orokorrean bai. Behin Palestinan, 22 urte nituela, nire adineko gazteak ulertzeko beharra sentitu nuen. Guk etorkizun laboralaz kezkatzen ginen bitartean beraiek beraien buruaz beste noiz egingo zuten erabakitzen ari ziren, ahalik eta judutar gehien hiltzeko. Horren inguruko erreportajea egin nuen eta emititu genuen egunean editoreak deitu zidan, Euskal Herrian horrelakorik ezin genuela emititu esateko.
Badago zure lanbidetik gustuko ez duzun zerbait?
Teletipoak hartu eta fusilatu behar izatea, adibidez. Oso aspergarria da. Iturriekin zuzenean lan egitea gustatzen zait, baina askotan ez dago astirik. Lanbide honetan dena atzorako izan behar du, eta horrek sarritan mugatzen gaitu.
Etorkizunerako erronkarik?
Ur Handitan-en egiten dudan lana ahalik eta ondoen egitea. Ez dut nire lana menperatzen oraindik, eta erronka handia da niretzat. Motelegia naiz batzuetan, erantzun batzuen aurrean azkarrago erreakzionatu beharko nukeela uste dut. Erreflexuak behar dira horretarako.
Lotsatia zarela entzun dugu.
Bai, hala da, ezezagunekin kostatzen zait elkarrizketa bat hastea, eta galderak egiteko joera dut. Jendeak onartzen du, kazetaria naizelako.
Zer sentitzen da Deustuko markesina bateko iragarki batean zure burua ikustean?
EITBko kanpaina bat da, bai. Ez nekien ezer, eta lagun batek bidali zidan argazkia whatsapp bidez. Espero dut markesina horretan autobusik hartu behar ez izatea.
Bateragarriak dira lotsa eta kamera baten aurrean jartzea?
Bai, kamerarekin bakarrik nagoenean gustura sentitzen naiz, intimitate hori atsegin dut, baina kalean grabatzen ari garenean eta jendea inguruan dabilenean ez naiz hain eroso sentitzen, eta nabaritzen dela uste dut.