Inauterietan gorila maskarekin ikusi ditugu Guerrilla Girls artista talde feminista bihurtuta, emakumeon ikusgarritasuna aldarrikatzen. Eraso sexista bat egon den bakoitzean, nazkatuta gaude, erasorik ez erantzunik gabe lelodun pankartaren atzean kontzentratzen. Eta azaroaren 25an, emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean, Barbie panpinak, jolas-dendetako katalogo estereotipatuak, amantalak, emakume sexy eta irrealaren irudiak edota amatasun desio derrigortua bultzatzen duten mezuak eskegitzen Done Petri plazan jarritako esekitokian eta emakumeok egunerokotasunean bizi ditugun zapalkuntzak irudikatzen. Sokaren beste aldean, emakumeon borrokak ikusarazi zituzten, hainbat objektu eta irudien bidez.
Bada gehiago ere. Hitzaldiak eskaini dituzte, dokumentalak proiektatu, egutegiak sortu eta saldu, eztabaidak sustatu eta bazkariak antolatu, besteak beste. Jarduera guztietan mezuari garrantzia emateaz gain, zabaltze ko moduari erreparatzen diote. Pare gazte talde feministaren ekintzak erakargarriak izaten dira, originalak eta ikusgarriak. Taldekide askoren artista sena nabaria da.
Pareren sorreraren abiapuntua Gazte Termometroa ekimena izan zen. Eragile batzuk Deustun zeuden beharrak identifikatu zituzten horrela eta, besteak beste, feminismoan hutsune handia zegoela antzeman zuten. Erronkari eutsi zioten orduan hainbat neskek. Pareren lehenengo belaunaldia izan zen. Ordutik beste asko hurbildu dira, eta gaur egun taldea sendo eta gogotsu dagoela diote kideek. Asteartero Gazte Lokalean hamabi neska biltzen dira eta jaietarako konpartsan hemeretzi. Gu Garazi, Bego, Miren eta Itziarrekin bildu gara taldearen nondik norakoei buruz hitz egiteko. “Kopuru aldetik, orain, gutxiago gara, baina horrek indarra eman digu, konfiantza espazio bat eta gune eroso eta segurua lortzeko”, azpimarratu du Mirenek beste hirurek buruarekin baietz esaten duten bitartean. “Sentitzen duguna esateko askatasuna dugu”, dio Itziarrek, “beste militantzia esparruetan ez bezala”, gaineratu du Begok. “Gure arteko zaintza oso garrantzitsua da”, nabarmendu du Garazik. Eta elkarrizketan zehar nabaria da hori.
Etsai nagusia etxean
Ikasturte honetan eraso sexisten aurrean jarraituko duten protokoloa adostu dute. Lan sakona izan da, aurreikusi dituzten egoera guztietarako erantzun bat bilatu baitute. Ez dute soilik gertaeren salaketan geratu nahi, emakumeok sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorioz egunero pairatzen dugun biolentzia azalaraztea da helburua. Prozesua oso interesgarria izan dela aitortu dute. “Kontraesanak ere azalarazi dira, erasotzailea ingurukoa denean egoerari aurre egiteko zailtasunak handiagoak direlako”. Eta guztiek argi dute: “Etsairik nagusiena etxean dugu, identifikatzea eta salatzea zailagoa delako gutako norbait denean. Errazagoa da ezezagun bat taberna batetik botatzea ezagun bat baino”, dio Mirenek. Itziarrek hartu du hitza jarraian. “Erasotzaileak diskurtso feminista barneratuta duenean, nahiz eta praktikan beste era batean jokatu, nolabaiteko abantaila emango dio nahi duena egiteko, bere estrategia propioak izango ditu erasotu ahal izateko”.
Formalki parekidetasun baterako joera dagoen arren, sakoneko arazoak hor jarraitzen duela uste du Begok. “Oinarrizko zapalkuntza ez da desagertu, sotilagoa da eta hori eraldatzeko emakumeok ahaldundu behar dugu, baina gizonezkoek dituzten pribilegio eta botereei uko egin beharko diete”. “Gure ahalduntzea behar batetik dator, baina beraiek ez dute horren beharrik, eta ez zaie interesatzen”, gehitu du Itziarrek.
Aurrera begirako urratsak emateko hiru espazio jotzen dituzte beharrezkotzat: zapalduenak (emakumeak, LGTB eta queer mugimenduak...), gizonezkoena eta mistoa.
Hilerokoaren tabua apurtzen
Atzera eginez gero, eta hamar urte hauetako jarduera edo proiektu gogokoenaren inguruan galdetuz gero, hilekoarekin egindako lanketa aipatu dute. Taldean gaiaren inguruan hausnartu eta gero, hainbat ekintza burutu zituzten: hilekoz marraztutako koadroen erakusketa, dantza tailerra, kafe tertuliak...
Jaietan tomatea bahitu zutenekoa ere gogoratu dute. “Benetako jai feministak” aldarrikatzea izan zuten xede. Komunikatu bat idatzi zuten, eta astean zehar marrazkiak eta bideoak bidali zituzten hainbat mezu plazaratuz. Bertso saioan tomatea itzuli zuten, nahiz eta helburua oraindik ez lortu. “Zer esana behintzat sortu genuen, eta polemika piztu zen”, dio Mirenek. “Jaietan ere azalean geratzen da batzuetan feminismoa: pankartak ikusten dira, edalontzietan leloak... baina oraindik oso urrun gaude jai feministetatik”.
Garazik argi du: “Benetako jai feministak seguruak eta askeak izan behar dira denontzat”, eta “jendeak ondo pasatzea mugak non dauden jakinda”, gaineratu du Begok. Itziarrek jaietako antolaketa guneetan eta parte hartzean jarri du arreta. “Erabaki guneetan ere landu behar da parekidetasuna, bilera horietako giroan, lan banaketan, roletan, ikusgarriak diren lanetan eta ez direnetan...”.
Etorkizunerako nahien artean, belaunaldi ezberdinetako emakume feministen arteko gune bat sortzea interesgarri jo dute “gure beharrak eta desioak partekatzeko”. Asko dago egiteko oraindik, baina baikortasuna, ilusioa eta kemena nabaria da Itziar, Miren, Bego eta Garaziren hitzak entzuterakoan.
Zorionak Pare!