ATXARTE SALVADOR
Migratzaileen egoerak auzokideengan eragin dituen jakinmina, elkartasuna eta laguntzeko prestutasuna ikaragarriak izan dira. Sekulako ahalegina egin dugu, guztiok eta bakoitzak ahal izan dugun neurrian eta ondoen, eta emaitza itzela izan da. Kuantitatiboki eta kualitatiboki auzoaren inplikazioa oso hunkigarria izan da, harro egoteko modukoa.
ENEKO URRETA
Ezina ekinez egina, izugarria da auzo bezala dugun indarra!
YOLANDA VEIGA
Ezagutu ditugun zuen pasarteek zoritxarreko iragana eta zalantzez jositako etorkizuna kontatu digute. Testuinguru horretan “ongi etorri” esamoldeak garrantzi berezia du. Etxean bezala sentiarazi nahi izan ditugu. Ongi etorri!
ITZIAR BEASAIN
Harreraren aurreko egunetan Bizinahi eraikina, auzolagunen artean, zerbait bizigarri bihurtu genuen. Egun gutxitan, ezinezkoa ematen zuenak itzelezko forma hartu zuen: auzoaren energiak esperientzia ederra ekarri zuen.
EKA SESUMAGA
“Ez dago argirik, ezta urik ere Bizinahiko lehenengo pisuan eta igandean datoz!”. “Karmelatik kotxe karabanan helduko gara, ikus gaitzatela!”. “Arauekin zorrotzak izan behar dugu!”. “Itzelezko lana egiten ari naiz baina ez da nahikoa!”. “Asamblée!”. “43 zenbakidun oinetakoak behar ditugu bere oina baino hiru zenbaki gutxiagoko sandaliak daramatzan mutiko batentzat!”. “Auzokideok, igandeko salaketa-gosarirako txandak egin behar ditugu”. “Goiko komunetan uholdeak daude”. “Garbitzen ari dira, ez da matxura... soilik herriak salba dezake herria!”. Gora bihotzak! Eta Ahaldun Nagusiak dio elkartasuna ez dela kalejiran ateratzea. Lotsabakoak!
IBRISS ABENA
Antzerkiaren bitartez Europara etortzean pairatzen ditugun zailtasunak salatu nahi izan ditugu, baita Afrikako emakumeen egoera ere. Hemengo jendearekin harremana izan nahi dugu eta gure errealitateak elkarri trukatu. Denok gara berdinak.
IÑIGO VEGA
Erriberan ondo ezagutzen dugu erakundeen utzikeria eta harro nago auzo (irla) guztia, gazte eta nagusi, hamaika modutan hurbildu delako erakundeek bizkar emandako migratzaileak eta errefuxiatuak laguntzera.
ROSA GONZALEZ
Nire semea izan zitekeen, alde bakarra, bere azalaren kolorea eta jaioterria. Erreza da ezer barik heltzen diren mutil hauei laguntzea, itxaropena eta ametsak baino ez dituzte (ikastea, lana topatzea, familia laguntzea...). Erreza da gosaria edo afaria prestatzen laguntzea, krema batzuk erostea... baina haietariko bati aurpegia eta izena jartzen dizkiozunean, edota bere istorioaren zati bat kontatu dizunean zure eguneroko pentsamenduetan sartzen da eta, egia esateko, zer egin dezakezu beragatik...
ABAEL KARIM
Batzuetan zoratzen gaituzte. Gaur gauza bat esaten digute eta bihar beste bat. Egunez gaztelaniazko klaseetara joaten naiz, baina ezin konzentratu lo gutxi egiten dudalako. Nik bizitza arrunta izan nahi dut, artista naiz eta zuen moduko bizitza bat nahi dut.
MARI MARQUEZ
Instituzioen utzikeria eta lotsagabekeriaren aurrean, egoera zailean dauden pertsonak laguntzeko auzo baten konpromiso eta ardura erakusten digu irudiak. Pertsonak dira, eta gara, eta duintasun minimoa eskatzen dugu!
SANDRA GARCIA
Telebistan hainbatetan ikusitako irudiak errealitate bilakatu dira gure auzoan eta hasierako zalantzek eta beldurrek pertsonei tokia utzi zieten. Kaosa, haserrea, barreak nekea... denetarik bizi izan dugu, baina hunkigarriena elkartasuna izan da. Aktibatzeko eta mugitzeko gai izan gara eta, gure neurrian, errealitate gogor honi beste aukera bat eman diogu bide ofizialetik kanpo.