Zelan zaudete?
Atxarte (A): Lurra hartzen, gertatu den guztia barneratzen eta ulertzen saiatzen. Fisikoki ukituak, tentsio handia pasatu dugu, azken txanpa oso intentsua izan da baina orain ondo nagoela uste dut.
Roberto (R): Egunak beharko ditugu horretarako. 2013tik daramagu kontu honekin, prozesuan sartuta zaudenean aurrera egiten duzu baina bukatutakoan bajoi fisiko eta emozionala sentitzen da. Lasaitasun puntu bat ere badugu, horregatik gaixotzen hasi gara seguruenik.
Asanblada informatiboa antolatu duzue Herriko Tabernan. Zer kontatu nahi duzue?
A: Jendeari gure esker ona adierazteko beharra sentitzen dut batez ere, eta zuzenean kontatzeko komunikabideen bidez jakin dutena. Nolabait istorio hau ixteko behar dudan zerbait da.
R: Arduragatik ere egiten dugu. Beti zuzendu gara Euskal Herriari eta gure herriei. Gainera badakigu hor daudenak lagunak eta militanteak direla eta merezi dute gure ahotsetatik entzutea zein den gure balorazioa.
Uste duzue jendeak ulertu egin duela Fiskaltza eta akusazio partikularrarekin egindako akordioa?
A: Jendeak ez du azalpen askorik behar. Jendeak badaki Espainiako Auzitegi Nazionalean ezin dela justiziarik topatu, elkartasuna eragin du beldur horrek, nik sentitu dut jendeak lasaitua hartu duela, aurretik badaude esperientzia batzuk eta jendeak ulertu duela uste dut. Egia judiziala eta egia materiala ez dira zertan bat etorri. Kontzeptu juridikoa da hori.
Kritikak ere izan dira. Mindu zaituen zerbait egon da?
R: Mindu ez. Akordioa sinatu genuenean bagenekien Euskal Herriko sektore bat ez zela ados egongo baina ez dut uste inor triste dagoenik 45 pertsona ez goazelako kartzelara. Badakigu non dagoen gakoa, badago ezker abertzalearen estrategia politikoa partekatzen ez duen jendea. Kritika ez zaigu guri zuzenean egiten.
A: Oso argi dut erabakiaren balioa. Erabaki kolektiboa izan da. Eztabaidatua, ezin dugu ukatu kontraesanak sortu dizkigula, gauza askok sortzen dizkigu kontraesanak egunerokotasunean eta militantzian. Eta kontraesanak berez ez dira txarrak. Iruditzen zait erreza dela kanpotik kritikatzea eta kritika horiek oso urrun sentitzen ditut, beste sintonia batean guztiz, nahiz eta jende ezagunak egin dizkidan. Nik uste dut gure artean lortu duguna harro egoteko modukoa dela.
Nola bizi izan duzue zuen arteko eztabaida prozesua?
A: Zaila izan da baina harro egoteko modukoa. Hasieran martxan jartzea asko kostatu zitzaigun.
R: Bileretan eskarmentua genuen denok, guztiok militanteak izan gara edo gara. Errespetuzkoa eta sanoa izan da eztabaida eta jarrera positiboak eta eraikitzaileak nagusitu dira.
Era berean, jasotako babesa eta elkartasuna handia izan da. Holakorik espero zenuten?
A: Itzela izan da ikustea zelako gaitasuna dagoen antolatzeko, erreakzionatzeko, zelako irudimena, argitasuna, umorea… Deustuko herriarekin oso pozik gaude, esker onik baino ez dugu. Azpimarratzekoa da ere abokatuen elkarteengandik jasotako elkartasuna.
R: Guk bidea zabaldu baina herrietatik sortutako zerbait izan da eta erantzun itzela jaso dugu. Uste dut ez garela gai izan jasotzeko egin diren ekimen guztiak. Bi hilabete eta erditan 11.000 atxikimendu baino gehiago lortu genuen oso denbora gutxian, nik hori oso gutxitan ikusi dut. Azken urteotan agian ez dugu asmatu zelan aktibatu herriak preso eta iheslarien gaiarekin. Kontu honekin jarri dugu bide bat egoerari buelta emateko, ea orain gai garen preso eta iheslarien gaia agendaren lehen lerroan jartzeko.
Egondako ekimenetatik, badago zerbait azpimarratu nahi duzuena? Bereziki hunkitu zaituena?
R: Mojitoena aipa dezakegu? (barrez)
A: 'Deustuarrak herrira' kamisetarena oso ondo egon da. '47ak herrira' izan da lelo orokorra baina argi zegoen Deustun izaera propiodun leloa agertu behar zela. Kamiseta horrek zoritxarrez, ez du iraungitze datarik. Erriberan jasotako babesarekin ere flipatu dut, auzokide askoren berotasuna sentitu dut.
R: Bai, lelo horrek bat egiten du gure planteamenduarekin. Ez da soilik gu lauron afera. Oraindik Jon eta Juankar espetxean ditugu. Epaiketa aurreko ostiralean egondako mobilizazioarekin oso pozik geratu nintzen, jendetsua eta anitza izan zen, Deustun egindako lana eta emaitzaren isla.
47 auzipetuetatik, bi pertsona espetxera bueltatu beharko dira eta gainerakoak kalean egon arren, inhabilitazioak eta isunak jasoko dituzue. Zer dakar horrek?
R: Azken finean, zigortu gaituztela. Eta hor dago kontraesana eta mina. Gutako bi, Jon eta Arantza, barrura joango dira. Eurek eskuzabaltasunez hartutako erabakiak erraztu egin du akordioa. Bestaldetik, hiru urtez, baldintzapeko askatasunean egongo gara, horrek dakartzan ondorio guztiekin: epaitegira sinatzera joan beharko gara, ezin izango dugu presoekin lotutako ekitaldien antolakuntzan parte hartu eta inhabilitazioak ere hor daude.
Adierazpenetan azpimarratu duzue akordioarekin, herri honen konponbidearen auzian ekarpena egin nahi izan duzuela. Zein da ekarpen hori?
R: Azken finean 45 pertsona ez gara espetxera joango eta pertsona aktiboak gara gure herrietan. Lanean jarraituko dugu bakoitza dagoen eremutik. Bestaldetik, preso eta iheslarien afera konpontzeari begira, bide judiziala hor dago eta bertan egon daitezkeen akordioak azkartu ahal du hainbat pertsonen kaleratzea. Zentzu horretan, irtenbideak bilatzeko beste aukera bat jarri dugu mahai gainean.
A: Behintzat ez dugu lan gehiagorik emango.
SAKONEAN
2013an hasitako auzia izan da, Herrira elkartearen aurkako operazioan. Urte hauek guztietan zelan eragin dizue eguneroko bizitzan?
Atxarte: Bizitzako erabaki garrantzitsuak hartzerako orduan, lana ala familiari dagokionez adibidez. Baita ere gauza praktikoetan. Neurri zehatzak, Estatutik ezin atera, ezin pasaportea eduki…Etxea, kotxea eta bankuko kontu bat blokeatuta eduki ditut. Presoak bisitatzeko zailtasunak beti egon dira baina orduan areagotu ziren. Dokumentazioa lapurtu ziguten eta horrek presoen aldeko abokatu lana oztopatu zuen.
Roberto: Nire kasuan sei urtez hamabostero sinatzera joan behar izan naiz eta ezin izan dut preso edo iheslariekin zerikusirik duen edozein jardueraren antolaketan parte hartu.
Hemendik aurrera, zer?
Roberto: Preso eta iheslariekiko elkartasunak eraman gintuen hona eta hori konpondu gabe dago zoritxarrez. Espero dezagun prozesu honek bide horretan bultzada handia izatea.
Atxarte: Espainiar Audientzia Nazionala desagertu behar da.