Zer egin haurrekin helduek lantokira joan behar dutenean? Nola uztartu hainbat eskoletatik heltzen ari den “gainean egon behar zarete” hori, norberaren telelanarekin? Nola esan baietz orain suertatzen ari diren lan prekarioei, amama, semeak edo alabak zaindu behar badituzu? Instituzioek zergatik ez dute honetaz hitz egiten?
Badira berrogeialdia hasi zenetik, malabareak egiten dabiltzan familiak. Deustuko laguntza sarea ere ohartu egin da horretaz, eta dagoeneko diagnostiko bat egiten hasi dira 0-14 urte bitarteko haurrak dituzten familien beharrak identifikatzeko eta irtenbideak eraikitzen hasteko.
“Alternatibak eskaini behar dira”
Itziarrek lau urteko alaba du, Nora. Hasiera zaila izan zela aitortu digu. “Bikotea eta biok telelana egiten ibili gara lehenengo egunetik”. Bera informatikaria da eta Sebastian, Noraren aita, kimikaria. Familia kanpoan dute, Donostian batek eta Holandan besteak. “Umeak arreta handia eskatzen zuen eta nire ondoan jartzen nuen zerbait egiten nekatzen zen arte”, azaldu digu Itziarrek. “Tarteka telebista ikustea uzten nion, euskara ahaztu ez zezan”.
Etxeko egoera ez da asko aldatu baina ohitu egin dira. Orain Itziarrek lantokira joan behar du astean birritan eta Sebastianek etxetik jarraitzen du beharrean. Etxeko lan jardunaldia luzatu behar izan du Itziarrek. “Etxean denbora gehiago galtzen dut edo hobe esanda, beste gauza batzuetarako erabili behar dut”. Lauretan amaitu beharrean, seiak aldera amaitzen dut lana. “Momentuz moldatzen gara”, dio Itziarrek. “Sebastianek askatasun handiagoa du lanean nik baino, lantokira joatera behartuz gero, gure egoera azalduta, berarekin malguak izango direla uste dut eta alternatibaren bat eskainiko diotela”. Umea egoera berrira egokitu da, “eskolak eta lagunak asko botatzen ditu faltan ”, dio Itziarrek.
Enpresek familiei aukera gehiago eman behar dizkietela uste du. “Bestela ezinezkoa da. Zein da irtenbidea? Aitita-amamengana itzultzea? Hori ez da ona”.
“Beldur naiz”
Belenentzat ere, berrogeialdiaren hasiera oso gogorra izan zen. Alarma egoera hasi eta astebetera bere senarrari ebakuntza bat egin behar izan zioten. Lau urteko alaba du eta egunero irten behar izan da lanera, adineko pertsona bat zaintzera. Lehenengo asteetan, lantokitik ospitalera eta handik etxera. “Eskerrak 20 urteko beste alaba bat dudan eta nire ahizpa gurekin bizi den, beraiek arduratu dira txikia zaintzeaz”, azaldu digu irribarretsu.
Ez dute familia gehiagorik hemen. Berea Nikaraguan dago eta senarrarena Perun. “Umeak hasieratik ulertu du egoera, oso heldua da eta oso ona. Hala ere, gogorra eta estresagarria izan da denontzat, baina ni oso positiboa naiz eta aurrera egiten dut beti”.
Orain egoera aldatu egin da. Senarra bajan dago eta Belenek goizez baino ez du lanera joan behar. Hala ere, zaintzen ematen du egun osoa eta aitortu digu ez duela astirik bere burua zaintzeko. Kezkatuta agertu da etorkizunarekin eta faseen kontuarekin oso galduta dabilela esan digu. “Ez dakit zer egin dezakedan eta zer ez. Ez naiz ausartzen kalera familiarekin ateratzen. Amaren egunean, senarra eta biok txikiarekin atera ginen ospatzera eta isuna jarri ziguten eta orain beldur naiz”.
Ezkutatzen ari den errealitate baten bi lagin baino ez dira. Ez da inoiz erreza izan emakumeentzat, egoera zaurgarrian egonda, publikoki hitz egitea gure bizitza “pribatuaz”. Zelan sentitu behar garen eta zelan ez agintzen diguten garai honetan ere ez.
Ana Belen, alaba eta senarrarekin.