Ikasturte berria hasteko egun gutxi falta dira Bilboko ECCBI zine eta sorkuntza eskolan eta lanean buru belarri harrapatu dugu Amara Mosteiro, bertako irakasle eta zuzendaritako bat. Leher eginda dagoela aitortu digu, baina pozik eta ikasturte berriarekin hasteko irrikan. Eskaintza zabala dute: zine, argazki, arte eta jantzi zuzendaritzak; gidoi, soinu, muntaia eta interpretazio diplomaturak; beldurrezko, zientzia fikzio eta fantasia zinean eta zine esperimental eta dokumentalean espezializazioak eta hainbat ikastaro. Oraingoz, guztiak dira gazteleraz. “Momentuz ez dugu euskaraz eskaintzeko modurik topatu. Etorkizunean eskaria egonez gero, egingo dugu”. Eskola pribatua izanda, ikastaroak ez daude homologatuta, baina horretarako lanean ari dira.
Ikasle talde txikiak dira, gehienez zazpi lagunez osatutakoak eta formazio sistema zuzena eta diziplinartekoa da. Lehenengo ikasturtean, ikasgai komunak dituzte diplomatura guztiek eta ikasleak nahastuta daude. Praktikari garrantzi berezia ematen diote. Baita sorkuntzari ere, teknika bere zerbitzura jarriz. Amarak ilusioa eta pasioa jartzen du bere azalpenetan: “Bakoitzak kontatu nahi duenari erreparatu nahi diogu. Norberak bere lengoaia topatzea, auto-miaketa bidaia egitea, sentitzen duen horretatik abiatuta”.
Dagoeneko, diplomaturetan 14 pertsona matrikulatu dira. Urtero 4.000 euro ordaindu behar dute eta gainontzeko ikastaroetan daudenak, 2.000 eta 3.000 euro artean. Matrikula kopuruarekin pozik daudela dio Amarak. “Ezezagunak gara oraindik eta lehenengo urtea izanda, harrera ona izaten ari gara”.
Onartu aurretik, ikasleei elkarrizketa bat egiten diete beraien interesak eta gustuak ezagutzeko. Horrez gain, motibazio gutun bat idatzi eta lan txiki bat aurkeztu behar dute. “Guretzako oso garrantzitsua da jendea eta bere energia aldez aurretik ezagutzea. Ikasleen profila anitza da, momentuz Euskal Herrikoak dira guztiak, 19-40 urte bitarte dituzte eta ibilbide askotarikoak dira. Luxu bat da aniztasun hori”, diosku Amarak.
Guztira 850 metro karratu ditu zinema eskola berriak. Tokia berezia da eta oso erakargarria. Sabai altuak, espazio zabalak, irakasleen bulegoak irekiak dira, ikasgelak txikiak eta gozoak, platoa, atseden lekuak, txoko bereziak, landareak, lanparak, artelanak, pantailak, sofak…
“Ikasleak gustura egotea nahi dugu -azaldu digu Amarak- ikastera ez ezik, beste gauza batzuk egitera ere gonbidatzen zaituen espazio bat sortu nahi izan dugu, alegia, hausnartzera, esperimentatzera, jende berria ezagutzera, atsedena hartzera eta nahi izanez gero, baita bazkaltzera ere”.
Hiru bazkide dira, ez dute momentuz dirulaguntzarik lortu baina dagoeneko beraien ametsetako zine eskola eraiki dute. Amarak aipatu digunez, “kasualitatez izan da, ez gara horren bila joan”. Gidoi eskola bat zuten aurretik, Artiach ondoko atarian, 69an. Tokia txiki geratu zitzaien eta beste zerbaiten bila hasi zirenean, antzinako fabrikaren atea irekita ikusi zuten. Jabe berria zaharberritze lanetan zebilen eta barrura sartu ziren kuxkuxean. “Ikusi bezain laster, argi izan genuen, eraikinak zine eskola bat izan behar zuen. Zenbakiak egin eta hilabete batera, bertan geunden”, dio Amarak harro. Martxoan izan zen hori, sartu eta konfinamendua heldu zen. Aurreko eskolan martxan zituzten ikastaroekin birtualki jarraitu eta aldi berean, proiektu berriari forma ematen hasi ziren. “Hilabete gogorrak izan dira, izerdi eta negar asko egin behar izan dugu baina oso atsegina da emaitza ikustea. Aurretik genituen ikasleen jarrera zoragarria izan da eta hunkituta gaude, maitasun handia jarri dute beraien lanetan eta horrek aurrera jarraitzeko indarra eman digu. Gehienek gurekin segituko dute eskola berrian ere”.
Euskal Herriko zine industriari buruz galdetu diogunean, Amara baikor azaldu da. “Egoera onean gaude, gero eta produkzio gehiago dago, eskaintza ere zabala da, martxan ari gara eta sortzaileak garenez, bide berriak asmatuko ditugu pandemiaren ondorioei aurre egiteko”.