Urtekaria hedabideen ostertza marrazten laguntzeko tresna bat izan nahi duela esan duzue. Zer topatuko du irakurleak bertan?
Hamalau artikulu bildu ditugu hogeita bat egileen eskutik. Hedabideen sektoreak berak lehen pertsonan idatzitakoak, unibertsitateetan egindako hainbat ikerketa eta hausnarketarako irekitako leihoak. Aurtengoa Behatokiak argitaratzen duen 7.urtekaria da eta aurrekoekin batera, web gunean jarri dugu edonoren eskura. Egia esateko, urtekaria kontzeptua gainditzen duen argitalpena da. Izenak murrizten du bere izana.
Aurten atal berri bat estreinatu du Joseba Sarrionandia idazleak. “Nazioa komunikazio espazio moduan” izenburua jarri dio. Posiblea da herri mailako komunikazio esparru bat sortzea naziorik gabe?
Gaur gaurkoz lehenengo geltokia bai uste dut dela Estatua baina maila globalean sortzen ari diren euskarri eta plataforma berriek gainditzen dute Estatuaren egitura hori. Horregatik agian ezin gara itsutu behar Estatu egitura horrekin eta eduki behar dugu presente nazio eraikitzea egitetik bertatik, bizitzetik. Herri gisa pentsatu behar dugu. Gogoetarako duen erraztasun horrekin, ur sakonetan sartzen da Sarrionandia bere saiakeran baina nik uste dut pixka bat hortik doala.
Argitalpenaren sarreran aipatu duzu euskal hedabideetan aukerak zabaltzen ari direla laino artetik ostertza agertzen ari den bitartean. Zeintzuk dira ikusten dituzun lainoak?
Digitalizazio prozesua azkartu da, pandemia garaian bereziki eta hedabideak erritmo horretara egokitu behar dira, bestela atzean geratzeko arriskua dago. Hori nabarmen ikusten da ikus entzunezko munduan. Plataforma digitalak, Netflix, Amazon Prime eta Disney bereziki, nagusitzen ari dira. Datu guztiek esaten dute oso modu bizkorrean ari direla erabiltzaileak igotzen, baita Euskal Herrian ere. Horren harira, Garazi Goiaren hitzaldi baten laburpena agertzen da urtekarian, bertan Europatik Euskal Herrira datozen joeren aurrean, herri gisa estrategia bat behar dugula azpimarratzen du Goiak. Eta berehala behar dugu. Olatu handia dator eta ezin gaitu harrapatu.
Eta aukerak?
Gaur egungo egoerak eraldaketa eskatzen du. Teknologia tresna bat da eta gure alde erabili behar dugu. Ematen diozun erabilera, helburu eta irizpideen arabera berrikuntzarako aukera handia izan daiteke. Ikuspegi bateratu bat behar dugu erronka potolo horiei aurre egiteko. Elkarlanerako gogoa ezinbestekoa da. Korrikan ikusi berri dugu euskal hedabideek zelako lana egin duten batera. Agian hori izan daiteke bidea.
Baldintza egokietan daude euskal hedabideak erronka horiei heltzeko?
Ez dut uste gai naizenik holako galderari erantzuteko baina nire ezagutza urritik alde biak ikusten ditut. Alde batetik, komunikazioaren ekosistema oso aberatsa dugu. Aniztasun handia dugu. Denetariko euskarri eta hedabideak ditugu eta elkarlanean aritzeko aukera aprobetxatu behar dugu. Oreka bat bilatzen saiatu beharko ginateke. Elkarlana bera ere ondo egitea erronka bat da eta asmatu behar da horretan.
Urtekaria ixteko Hego Euskal Herriko kazetaritza feministari buruzko lan bat aukeratu duzue.
Bai, EHUko Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan Ikerketa Taldeak egindako lana da. Azken hamarkadetan sortu diren izaera anitzeko komunikazio-produktu feministak zerrendatu eta deskribatu dituzte: fanzineak, irratsaioak, artikuluak, ikus-entzunezkoak... Behategian lan hau baliatu dugu euskarazko komunikazio-produktu feministen datu-basea eraikitzeko eta hemendik aurrera osatzen joan ahal izango garen direktorioa sareratzeko.
Ikus entzunezkoen munduan ibili zara orain arte Euskal Herriko gai sozial eta politikoak jorratzen. Bateragarria da orain Behatokian duzun ardurarekin?
Urte erdi daramat Behatokian eta egia esan, dedikazio handia eskatzen dit. Aukera hau sortu zait eta probatu nahi izan dut eremu berri hau. Duela gutxi Udalbiltzaren “Geuretik sortuak” ekimenaren barruan pelikula kolektibo bat egin berri dut “Bost teilatu” izenekoa baina hemendik aurrera zailagoa izango da arlo biak uztartzea. Azkenean proiektuak hasi eta bukatzen dira.
Gustura zaude lan berrian?
Bai, asko ikasten ari naiz. Gauza batzuk erabat berriak dira niretzat eta horrek arreta berezia eskatzen du. Oso lan talde fina da. Ni ez nator mundu akademikotik baina nolabait esparrua ezaguna egiten zait eta helburu berberak ditugu. Euskarazko komunikazioa sendotzea eta arlo horretan urratsak ematea.
Zeintzuk dira orain Behatokian esku artean dituzuen egitasmoak?
Udako ikastaroen barnean audientzia digitalen ikastaro bat antolatzen ari gara. Oso beharrezkoa da gaur egun audientziak ezagutzea eta hedabideek egitea aldaketa prozesu bat horri egokitzeko eta horretarako datuak behar dira. Gaur egun dagoen sistema oso mugatua da. Jarraitzen dugu zenbat klik ditugun neurtzen baina gaur egun trafikoak askoz anitzagoak dira. Gaur egun gehienetan, irakurlea ez doa hedabidearen web gunera zuzenean, informazioa sare sozialen bitartez heltzen zaio.
Matematikariekin elkarlanean, audientziak aztertzeko sistema bat garatzen ari gara. Bestaldetik, euskarazko hedabideen datutegia eguneratzen eta osatzen segitzen dugu.