Batzuek elkar ezagutzen zuten aurretik. Beste batzuek aurreko hilabeteetan egindako tailerretan egin zuten topo. Aurpegi berriak ere baziren. Guztien artean, itxiera eman zioten Deustu- San Inazioko Moduluak antolatzen duen 2024ko Sormen Errebelde Feminista zikloari. Ekimenak aukera ematen die, emakumeei eta gorputz disidenteei, bizipen kolektibo sortzaileak izateko eta bestelako errealitate feministak irudikatzeko.
Erriberan elkartu ziren, Bizinahiko lehenengo pisuan, liburutegian. Ez da kasualitatea izan topaketen amaierarako, Erriberako auzokideek berreskuratutako espazio hori aukeratzea, izan ere, toki lasai, seguru eta goxoa behar baitzuten. Sormen tailerretan parte hartutako hogei emakume inguru bildu ziren, eta ikastaroen antolatzaile eta dinamizatzaileekin batera, forma eta kolore ugarietako sorkuntzak atera eta erakusketa prestatu zuten (oraindik ikusgai dago bertara hurbildu nahi duenarentzat). Poesia xuxurlatuarekin hasierako giro urduria baretu egin zen eta zikloaren inguruko balorazio txiki bat egin ondoren, Celeste Agüerok, idazketa-tailerreko gidariak, bertatik sortutako testu kolektiboa irakurri zuen.
Ondoren, parte hartzailetariko batek egun horretarako bereziki idatzitako testu bat irakurri zuen. Hunkituta, erraietatik ateratako hitzekin txundituta utzi zituen entzuleak. Janaria eta edariaren inguruan, solasaldirako unea iritsi zen gero, baita txapa inprobisatuak egiteko aukera ere. Aipamen berezia izan zuen egitasmoaren arduradunak, Ane Navarro Martinek. Deustu-San Inazioko Moduluko gizarte-hezitzailea da eta “bizipena hunkigarria eta polita” izan dela esan digu. “Parte hartzaileen balorazioa oso ona izan da. Prozesuak oso sakonak izan dira, eta gure artean saretzeko balio izan du, hori ere baita ekimenaren helburuetariko bat”.
Azken edizio honetan, Sormen Errebelde Feminista zikloaren baitan lau tailer eskaini dituzte eta gorputza izan da laurak lotu dituen haria. Topaketak martxoan hasi ziren Itziar Arroyo dantzariak gidatu zuen “Lehenengo lurraldea: Gorputza eta Mugimendua” tailerrarekin. Maiatzean, Maite Mentxakak, ilustrazioa eta argazkigintza arte-diziplinen bitartez, gorputzetan arakatzen jarraitzeko aukera eman zien parte hartzaileei. Irailean, idazketaren bitartez, bizipenei ahotsa emateko txanda heldu zen Celeste Agüero literatur irakasle eta poesia xuxurlariaren laguntzaz. Eta azken tailerra azaroan izan zen. Ines Bermejok errealitateak berreraikitzeko gonbita luzatu zien material birziklatuak berrerabiliz. Aurreko tailerretan bildutako materiala erabiliz -argazkiak mugimenduan, norberaren gorputzarekin egindako muntaketak, ilustrazioak eta testuak- artelanak sortu zituzten.
Urtez urte, topaketaren arrakasta handiagoa da. Anek emandako datuen arabera, “Oraingoan 60 emakumek hartu dute parte eta 91 izen-emate egon dira. Gehienak Deustualdekoak eta 20-60 urte bitartekoak”. Hori da bere ustez, tailerren ezaugarrietariko bat. “Oso anitzak dira zentzu askotan eta hori oso aberasgarria da”.
Datorren zikloko egitaraua prest dute dagoeneko. Anek azaldu digunez, “sistemak saltzen digun arrakasta kapitalista, matxista, arrazista eta orokorrean, zapaltzailearen aurrean, bestelako erreferenteak izango ditugu gai. Ez dute zertan ezagunak izan behar, gure egunerokoan baliogarriak izan daitezkeenak baizik”. Horretarako, lehenengo tailerrean ahotsa lantzen hasiko dira, “gorputzetik abiatzen direlako kontakizunak”. Gero hitzetan, narrazioan eta poesian erreparatuko dute. Hirugarren tailerra ilustrazioa izango du abiapuntutzat eta amaieran, fanzine bat egitea dute helburu. “Besteak beste, prozesuan jasotako guztia lau haizeetara zabaltzeko”, dio Anek ilusioz.
Deustu-San Inazioko Modulu Psikosoziala 1982an sortu zen Deustualdeko biztanleriaren arazoak modu integralean artatzeko asmoz. Egun, arreta juridiko, psikologiko eta sexuala emateaz gain, prebentzio eta sentsibilizazio lanetan aritzen dira parekidetasun, genero-indarkeria, gizarteratzea eta bazterkeria alorretan. Emakumeak eta disidentziak artatzen dituen lan taldeak, urtean zehar, besteak beste, autodefentsa tailerrak, afektibitate eta sexualitate formazioak antolatu eta indarkeria matxista prebenitzeko gida eta materialak sortzen ditu. Sormen Errebelde Feminista ekimenarekin 2023an hasi ziren. Orduan helburua beste bat zen: gazteentzako indarkeria matxisten eraginari buruz pentsatzeko gune kolektibo seguruak sortzea. Baina formatu hori agortzen ari zela ikusita, sortzaileagoa zen zerbait eskaintzea pentsatu zuten. Bizipenei eta burutik baino, gorputzetik lan egitea. Eta aukera hori adin guztietara zabaltzea.
Pozik daude lortutakoarekin. Minak, amorruak eta pozak artearen bidez ere kanporatu daitezkeelako. Proposamen iradokitzaileak. Norbanakotik eta sarean. Gozatuz. Sorkuntza pertsonal eta kolektiboak. Zainduta. Espazio seguru eta goxoetan. Eta denon eskura!