uriola.eus

Olatz Arteaga Cabeza: “Zientzien munduan kontratu ia guztiak beken bitartez egiten dira”

Erabiltzailearen aurpegia   Jendartea

Ume jaioberriei heriotza eragiten dieten gaixotasunak ikertu ditu. Irailean Mapfre-Reina Sofia Fundazioaren beka, urtean pertsona bakarrari ematen zaiona, eman zioten Dublinen alzheimerra ikertzeko. Orain beka hori baztertu du Alfonso Martin Escudero Fundazioarena eskaini diotelako San Frantziskon bere tesiaren ikerlanarekin jarraitzeko. Ikerketa Biomedikoan doktorea, ikerlaria eta irakaslea da Olatz.

Olatz Arteaga Cabeza: “Zientzien munduan kontratu ia guztiak beken bitartez egiten dira”
Argazkiak: Iñigo Azkona | Ikusi handiago | Argazki originala

Zeintzuk dira zure ikerlanaren nondik norakoak?

Nire tesia jaioberrietan hipoxiskemia aztertzen oinarritu da. Hipoxiskemia sortzen da burmuinean oxigeno eta glukosaren falta duzunean. Hau da, odoleko oxigenoaren kontzentrazioa murrizten denean edo odolaren fluxua eten egiten denean edo murrizten denean eta ez zaizkizunean burmuinera beharrezko elikagaiak –oxigenoa eta glukosa– heltzen. Hori da mundu mailan umeen heriotza eragiten duen lehenengo kausa nagusienetariko bat.  

Hipoxiskemia ekiditeko edo murrizteko bideak bilatzen saiatu naiz, antioxidatzaileetan oinarrituta. Hauen eragina aztertu dut jaioberrien hipoxiskemian, arratoietan.  

Zerk erakarri zintuen gai honetan sakontzera?

Arlo klinikoarekin oso lotuta zegoela. Animalietan aztertzen duzu baina, azken finean, emaitzak eragin zuzena izan dezake gizakietan. Eta gaixotasun hori apaltzeko bidea bilatu nahi izan dut.  

Baina, jendeak pentsatzen du guk erabakitzen ditugula gaiak. Askotan ez da posible. Master batean sartzen zarenean ematen dizuten taldean sartzen zara, edo oso aukera gutxi ematen dizkizute. Eta batzuetan esaten dizute ‘egongo zara irakasle honekin eta egingo duzu honetan lan’. Oso zaila da norberak nahi duen horretan lan egitea.  

Aukera izango bazenu zein beste gairi buruz gustatuko litzaizuke ikertzea? 

Gaitz neurologikoak gustuko ditut. Agian zailenak dira ikertzeko edo ulertzeko, baina hori gustatzen zait. Baita minbizia ere. Azken finean, giza gaixotasunekin zerikusia dutenak.  

Zeintzuk izan dira ikerketan topatutako zailtasunik nabarmenenak?

Hasieran apurtxo bat kokatzea izan da zailtasunik handiena. Eta nik argi neukan tesia ez nuela egingo kobratu barik, ez nintzen egongo lau urtez lanean dohainik. Behin diru sarrera hori ziurtatuta, ez nuen topatu zailtasun ekonomikorik. Nire taldean gutxi ginenez bageneukan nahikoa ikerketa aurrera eramateko, erreaktiboak erosteko, kongresuetara joateko, artikuluak publikatzeko, etab. Baina ez da berdin gertatzen laborategi guztietan. Orain, krisia dela eta, talde askok ez daukate ezta guanteak erosteko ere.  

Oso garrantzitsua al da beken kontua?

Kontua da, tesia bukatzen duzunean, EHUk, baldintza batzuk betez gero, ematen dizula bederatzi hilabeteko kontratua, doktorego osteko bekak eskatzen dituzun bitartean; zientzien munduan dena edo ia dena doalako beken bitartez. Oso zaila da kontratu bat izatea zientzia arloan. Nik bederatzi hilabete hauek nituen, baina nahi ez nuena zen hilabete horiek amaitu eta ezer gabe geratu. Orduan hasi nintzen beste beka batzuk eskatzen.  

Mapfre-Reina Sofia beka baztertu duzu Alfonso Martin Escudero Fundazioarena hartzeko.

Bai. Mapfreren beka diru aldetik oso ondo zegoen, baldintzak onak ziren eta gaia –alzheimerra– ere oso interesgarria zen. Dublinera joateko eta giza laginekin lan egiteko aukera nuen, eta benetan motibatuta nengoen. Baina urte baterako zen. Eta besteak, beno, diru aldetik gutxiago da, eta ez dauka horrenbesteko ospea, baina bi urteko iraupena dauka. Kristoren pena ematen dit Reina Sofiarena baztertzea, baina honek bi urtez lanean egotea ziurtatzen dit eta, gainera, nire tesiaren gaiarekin jarraitzeko aukera daukat Kaliforniako Unibertsitatean, San Frantziskon.  

Eta bekarik ez bazenu?

Ba, baneuzkan bederatzi hilabete hauek kobratzeko eta aurten ez banuen bekarik lortzen baneuzkan beste sei hilabete langabezia kobratzeko, eta hurrengo urtean berriro eskatuko nituen bekak. Bi urtez eskatuko nituzke eta ez balidate emango utziko nioke saiatzeari eta irakaskuntzan sartuko nintzateke.  

Beka bukatzen zaizunerako zer edo zer daukazu pentsatuta? 

Nire asmoa da bi urte hauen ostean hona bueltatzea eta hemengo bekak eskuratzen saiatzea, EHUkoa, hemen ikerketarekin jarraitzeko.  

Zer lortu nahi zenuke zientzialari gisa? 

Gustatuko litzaidake mina, odol kaltea pairatzen duen antioxidatzaile bat edo farmakoren bat topatzea. Hori izango litzateke nire ametsa. Zorionez, ume gehienek, gaixotasuna eduki eta pairatu dutenek ez dute etorkizunean arazo oso larririk izan. Baina izan dezakete garun paralisia, epilepsia, atzerapen mentala, etab. 

Historian zehar emakumearen papera zientzian oso eskasa izan da, edo askotan ezezaguna. Zelan ikusten duzu gaur egungo egoera? 

Gero eta aurrerakuntza gehiago egiten ari gara eta zientzian gero eta emakume ospetsu eta errespetatu gehiago daude. Baina oso adierazgarria da zelan, adibidez, Biologiako karreran ikasleen hiru laurden gutxienez emakumezkoak garela, eta tesia egin bitartean ere gehienak neskak garela, nire arloan behintzat, Biomedikuntzan; baina, unibertsitatean ikusten duzu nola piramidea gora joan ahala, azkenean katedratiko gehienak eta lanpostu garrantzitsuenak dituztenak gizonezkoak direla.  

Zergatik gertatzen da hori?

Zientzia oso lehiakorra da eta oso garrantzitsua da ez gelditzea, beti urrunago heldu nahi izatea. Emakumeak haurdun geratzen direnean ezin dute denbora guztia zientziari ematen jarraitu eta atzeratzen dira. Zientziaz bizi nahi izatea eta ume bat edukitzea ez dira bateragarriak.  

Aipatzekoa da emakume atzerritarrek currikulumean zerrendatzen dutenean urtez urte zertan egin duten lan, zelan zehazten duten zein urtetan eduki duten umea, ikus dezaten zergatik egon diren lan egin gabe denbora tarte horretan.  

Zientziarekin loturiko ikasketek ikasleen uzte-tasarik altuenetarikoa dute. Zer esango zenieke ikasleei eta ikerlari gazteei aurrera jarraitzera animatzeko? 

Lehenik eta behin, ez bazaizu gustatzen ezin zara zientzietan sartu, esfortzu handia eskatzen duelako. Karreratik ohitzen gara etxetik kanpo egunean ordu asko egotera eta zientziari denbora ematera, klaseak, praktikak... Gustatzen bazaizu denbora errazago pasatzen da. Gero zientziak daukan gauza positiboa da zure emaitzak ikusten dituzula, eta horrekin norbere burua motibatzen duzu. Azkenean oso polita da, ikusten duzu nola egindako lanak zerbaitetarako balio izan duen. 

Zer da beka hau lortzetik gehien emozionatzen zaituena?

Hasteko egonkortasun psikologikoa. Jakitea bi urtez egongo naizela lasai, lanean, gustuko dudana egiten. San Frantziskon unibertsitateak ospitale batean umeekin egiten du lan. Ni laborategian egongo naiz baina, jakin-mina daukat haiek klinikan zelan lan egiten duten ikusteko, eta uste dut aukera izango dudala. Profesionalki ere uste dut ondo datorrela giroz aldatzea. Han laborategiak erraldoiak dira, pilo bat jende, errekurtso gehiago. Gainera, lekua ezagutzen dut eta badakit jendea jatorra dela. Ziurtasun horrekin noa.  

Nortzuk izan dira zure erreferenterik nagusienak egindako ikerlanean? 

Nire erreferenterik handiena da nire nagusia izango dena San Frantziskon, Donna Ferriero. Ikerketa pilo bat ditu honen inguruan, egiten duelako zientzia esperimentala animalietan eta zeluletan ere bai. Klinikan ere proba klinikoak egiten ditu.  

Estatu Batuetan, San Frantziskon, bi urtez egongo zara. Ingelesez ondo moldatzen zara?

Ez pentsa. Defendatzen naiz, eta ondo idazten dut, baina hitz jariotasuna falta dut. Bi urte hauetan espero dut eroso hitz egiten ikastea. 

 

Elkarrizketa: Nuria Arroyo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa